euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Eusko Jaurlaritza giza eskubideen segimendua egiteko ordezkaritza baten buru Kolonbian (from Irekia)

01/20/2018

Segimendu hori Eusko Jaurlaritzak martxan duen giza eskubideen defendatzaileak Babesteko Euskal Programan sartzen da. Helburua da jazarpenak eta mehatxuak jasateagatik Euskadin hartutako pertsonak beren herrialdeetara itzultzean bizi duten egoera ezagutzea

Link: Irekia

Eusko Jaurlaritza gaur Kolonbiara bidaiatuko den ordezkaritza baten buru da. Bidaiaren helburua da, Giza eskubideen defendatzaileak Babesteko Euskal Programaren barruan, herrialde horretatik Euskadin hartu zituzten pertsonen segimendua aztertzea, beren herrialdeetara itzuli ondoren. Misioan Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideak eta Berdintasuna Batzordeko alderdi politiko guztietako ordezkariak eta Mugarik Gabe eta CEAR Euskadi GKEen ordezkariak daude tartean. Bidaia ofiziala urtarrilaren 20tik 26ra bitartean izango da.

Iaz, programa horri heldu zion Richar Sierra aktibista kolonbiarrak, Organización Indígena de Antioquia (OIA) erakundeko liderrak; bertan, Antiokia departamentuko bost herri indigena batzen dira. Erakunde hori lurralde-eskubideen aldeko mugimendu indigenaren, autonomiaren eta kultura-identitateagatiko errespetuaren borroken buru da; hori dela eta, talde paramilitarren eta nazioz gaindiko enpresen mehatxu sistemikoa jaso du.

Euskal misioaren helburua da zuzenean ematea ezagutzera Richar Sierrak eta aurreko edizioetan programari heldu zioten Kolonbiako gainerako 9 pertsonek gaur egun bizi duten egoera.

Defendatzaile horien eta beren erakundeen segimendua in situ egiteaz gainera, bidaian sendotu egingo da pertsona horiek babesteko sarea eta euskal erakundeen laguntza emango da ezagutzera.

Horretarako, euskal ordezkaritzako kideek aurreikusten dute topaketa izatea gizarte-erakunde eta -mugimenduekin eta Kolonbiako erakundeetako agintariekin, herrialde horretako giza eskubideen egoeraren berri izateko.

Bidaia amaitu ondoren, ordezkaritzak balorazio-txostena idatziko du, eta Eusko Jaurlaritzaren web-orrialdean argitaratuko da, eta Kolonbian kontaktatutako pertsona, erakunde eta instituzioei bidaliko zaie.

Aurtengo bidaiak garrantzi berezia du; izan ere, bidaia bat dator Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrenaren ospakizunarekin. Urteurren horrekin bat egin dute Euskadiko erakundeek, “Eskerrak giza eskubideei” izenburupeko kanpainarekin.2018an, NBEk giza eskubideen defendatzaileen inguruko aldarrikapena egin izanaren 20. urteurrena betetzen da.

Erreferentziazko programa giza eskubideen arloan

Aldi Baterako Babes Programak nazioarteko laguntza- eta elkartasun-tresnak dira. Horien bidez laguntzen da, batetik, pertsonen bizitza eta osotasun fisikoa babesten eta, bestetik, jatorrian giza eskubideak defendatzeko prozesuei eusten, harrera-herrialdeko erakunde, mugimendu eta instituzioekin antolatuz.

Eusko Jaurlaritzak, 2011tik, Defendatzaileak Babesteko Euskal Programa du martxan, eta, harrezkero, 5 herrialdetako 16 pertsonak heldu diote programari (9 emakumek eta 7 gizonek). Ekimena erreferentzia gisa hartu da beste autonomia-erkidego batzuetan antzeko ekimenak garatzeko, eta balorazio garrantzitsua izan du “Protect Defenders” Europako plataforman.

Programaren garapena eta kudeaketa CEAR-Euskadiren kargura da; erakunde horrek ibilbide luzea du giza eskubideen defentsan eta sustapenean eta nazioarteko babesa behar duten errefuxiatuen, lekuz aldatutako pertsonen, aberrigabeen eta migratzaileen edo bazterketa-arriskuan daudenen garapen integralean.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia