euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

«Euskarak espazio publikoa berreskuratu behar du» (from Enbata)

03/18/2024

23. Korrikaren karietara, helduei euskara irakasten diharduen AEK edo Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea den Ihintz Olideni, Enbatak hainbat galde pausatu dizkio. Jarraian, argitaratua den elkarrizketak, AEK eta Korrika zehazkiago ezagutzeko parada ematen digu, argi utziz Ipar Euskal Herrian, egiazko hizkuntza politika publiko bat behar dela, transmisioan, irakaskuntzan, motibazioan eta erabileran eraginen duena, helburuak finkatuz, neurgailuak adostuz eta baliabideak segurtatuz.

Link: Enbata

Gogoeta. —Enbata: Zein dira Ipar Euskal Herrian AEK-ren xedeak?

Ihintz Oliden: Ipar Euskal Herriko AEK, Gau Eskolen federazioa, 1980an sortu zen. Herri desberdinetan eskaintzen ziren euskara kurtsoak biltzeko aukera eman zuen orduan AEKk eta helduen euskalduntzeko prozesu horretan metodo eta baliabide amankomunekin lan egitea ahalbidetu zuen. AEKren helburua helduak euskalduntzea eta alfabetatzea eta erabilera sustatzeko egitasmoak sortzea da. Horretarako Euskal Herriaren euskalduntzea, Euskal Herriko biztanle guziek euskara ezagutzea eta egunerokoan normaltasunez eta erosotasunez euskara erabiltzea dira lehentasunak. AEKk herri hezkuntzan txertatzen du bere burua. Herri mugimendu irekia da, heldu guziei zuzendua. Euskararen eragile aktiboa izateko konpromisoa du. Euskararen aldeko jarrerak sustatzen ditu, euskaraz bizitzeko aukerak sortzen eta hedatzen ditu. Euskararen ofizialtasuna lortzeko lan egiten du, euskalgintzako beste eragileekin batera.

—Nola antolatua da AEK helburu horietan aitzina joateko?

Gaur egun AEKn euskara ikasteko formula desberdinak eskaintzen dira.

Gure ikasleen kopuru nagusia Gau Eskoletan oinarritzen da. 13 Gau Eskola ditugu Hendaiatik Maulera eta Gau Eskolarik ez den herri batzuetan ere kurtsoak ematen ditugu. Gau eskolak deitzen ditugun arren, egunez eta arratsez eskaintzen ditugu kurtsoak. Ikasleek astean 3, 5 edo 6 oren kurtso egiten dituzte. Gau Eskoletaz gain, opor garaian ikastaldiak antolatzen ditugu, aste bat edo bikoak, egun osokoak. Udan, Urepelen eta Mendikotan barnetegiak ere eskaintzen ditugu. Horrez gain, sei hilabeteko ikastaldi trinkoak proposatzen ditugu, B1 edota C1 mailara heltzeko. Euskara ikasteko prozesurik azkarrena da, astean 35 bat oren ematen baitira euskara ikasten.

Azkenik, langileei ere lan orenetan euskara ikasteko parada eskaintzen diegu, Xede arloa deitzen diogu. Hauek herriko etxe edo kolektibitateetako langileak dira gehienetan eta sektore pribatuan ere ari gara. Duela urte batzuk, euskara zekiten haurtzainak eskas zirela identifikatu zen Euskal Hirigune Elkargoan eta haurtzaindegietako langile batzuk euskalduntzeko kurtsoak eskaini zituen AEKk, besteak beste.Beraz eskaintza anitza da, etengabe behar berriei egokitzen gabiltzana.

—Zein da Iparraldeko AEKren urte hasiera honetako argazkia?

Sartze kanpaina baikorra izan da eta aurten ere kopuruak pixka bat emendatu dira. 1240 ikaslek eman dute izena Gau Eskoletan, marka ona izan da hori guretzat. Jendeak euskara ikasteko gogoa duenaren seinale. Ikastaldiek ere jendea erakartzen dute, eskaintza horrek gorakada handi bat izan du azken urteetan.

Sei hilabeteko ikastaro trinkoan 4 taldetik 5era pasako gara eta Angelu, Itsasu eta Ezpeletan kokatuak dira taldeak. Eskaintza hau hedatuz doa ere bai.

Azkenik langileek lan denboran euskara ikasteko aukera dute. Aurten 23 talde ditugu kolektibitateetako eskaerei erantzuteko eta 3 entrepresa pribatutan euskara kurtsoak eskaintzen ditugu. Arlo honetan 196 ikasle ditugu, %10ez egin du gora kopuruak. Orotara, 1.600bat ikasle ari dira aurten AEKn euskara ikasten eta 32.000 oren kurtso eskai- niko ditugu.

Langilegoaren aldetik, arlo guzien artean 70 bat langile gara eta azken urteetan jende berria eta gaztea hurbiltzeak pozten gaitu.

—Euskara ikasteko oztopo ekonomikoa ahal bezain bat erditik kentzeko, prezioak ahal bezain bat apal atxiki behar direla behin eta berriz aipatu duzue. Doakotasuna (AEKren ardatz nagusia) instituzioen laguntzarekin beharko litzatekelarik kausitu. Zertan da egoera Ipar Euskal Herrian?

AEKk euskara ikastea doakoa izan behar dela aldarrikatu du behin eta berriz. Gure egunerokoan, aldarrikapen hau Gau Eskola eta ikastaldietako kurtso prezio ahal bezain apalak bermatuz gauzatzen dugu. Alabaina, arlo horietan dabiltzan ikasleen ordainketak ez dira formakuntzaren gastuen hein berekoak baina galtze hauek gure gain hartzen ditugu. Edonork errango luke ‘igo ditzatela prezioak’, baina hizkuntza politika publiko baten baitan euskara ikastea dohaineko eskubidea dela irmoki deritzogu. Gaur egun Euskal Erakunde Publikoarengandik dirulaguntza orokor bat jasotzen dugu baina diru zama horrek ez du oinarririk. AEKk eskatzen duena da jardueraren araberako dirulaguntza jasotzea, hau da urtean ematen diren kurtso orenen araberako dirulaguntza. Hegoaldean hola egiten da, EAEn gastuen %60 ingurukoa da dirulaguntza eta Nafarroan berriz %39koa. Iparraldean ere halako finantzamendu sistema bat aldarrikatzen dugu.

—2024 urte hastapenean, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) ondoko urteetarako hizkuntza politika adostuko du eta aurrekontua bozkatuko. Zer gomendio egin die AEK-k Euskal Konfederazioaren baitan instituzioei hizkuntza politika berria eraginkortzeko?

Erakunde publikoek euskararen egoera babesteko asmo seriosak baldin badituzte, ezin dute orain arte bezala segitu. Lehenago erran bezala, hizkuntza politika publiko partekatua landu, definitu eta obratzea da Euskararen Erakunde Publikoaren betebeharra. Ipar Euskal Herri mailan, baita erakunde bakoitzaren baitan ere. Euskararen Erakunde publikoak, erakunde ezberdinek hizkunt- za arloan egin beharreko plangintzen akuilu izan behar du. Hizkuntza politika ausartaren bultzatzaile izan behar du eta ez minimoetara mugatzeko kontsentsu gunea, ez eta bakoitzak egiten duenaren zuritzailea ere. Unescoren arabera, hizkuntza baten biziraupena hiztunen %30eko kopuruarekin segurta daiteke. Munduan zehar (Hego Euskal Herrian, Quebecen edo beste) eraman diren hizkuntzen berreskurapenerako politikak aztertuko dituen ikerketa bat eginarazi eta arloz-arloko plangintza proposatu behar du. Euskararen Erakunde Publikoak euskal hiztunen kopurua gaur egungo %19tik %30ra heltzeko bide orri bat aurkeztu behar du eta urtez urte sortu nahi den euskaldun kopurua zehaztu, arloz-arlo eta adin multzoen arabera. Helburu neurgarriak finkatu ondoren eta denbora aitzina joan ahala, hartutako neurriak nahikoak ez direla agertzen bada, beharrezko zuzenketa neurriak hartzeko gisan. Egiazko hizkuntza politika publiko bat behar dugu, transmisioan, irakaskuntzan, motibazioan eta erabileran eraginen duena, helburuak finkatuz, neurgailuak adostuz eta baliabideak segurtatuz. Euskarak espazio publikoa berreskuratu behar du. Frantziako Konstituzioko 2. artikulua aldatu eta ofizialtasuna eskuratu bitartean, Ipar Euskal Herriak hizkuntza berreskurapenerako esperimentazio lurralde izendapena lortu behar du. Euskararik gabe, ez baita “Euskal” Herririk izanen.

—Aurten 23. Korrikaren urtea da. Euskararen aldeko ekimen erraldoi horrek kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Ipar Euskal Herriko herritar eta eragile ezberdinek zer parada dute Korrikaren karietara diruztatze kanpaina indartzeko?

KORRIKA ezinbestekoa da AEKren biziraupenerako. KORRIKAri esker bi urtetik behin gure kontuak orekatzen ditugu eta KORRIKAk aitzina egiten laguntzen gaitu, herriak aitzina egiten laguntzen gaitu. KORRIKA garaian laguntza emateko mota desberdinak eskaintzen ditugu, Korrika Laguntzailea izanez eta 23. KORRIKAko materiala erosiz, bizkarrekoa ere salgai da Gau Eskoletan eta KORRIKA pasatzen den egunean ere salgai izanen dira bizkarrekoak. Azkenik, kilometroetan lekukoa elkarte, kolektibo, herriko etxe eta instituzioei lekukoa eramateko aukera ere ematen diegu. Saltegi eta enpresek ere KORRIKA sustengatzeko parada dute, kilometro bat babestuz edo KORRIKA Lagun eginez. Gau eskoletako ikasleek saltegien itzulia eginen dute, beraien herrietan sustengu ekonomiko bat eskatuz. KORRIKA Kulturala ere bete-betean dugu. KORRIKA aitzineko asteetan euskarazko ekitaldi kulturalak eskaintzen ditugu herri desberdinetan, euskal kulturaren aniztasuna azaleratuz.

—Bukatzeko, «Harro Herri » korrikaren lemaz zehaztasunak ematen ahal dizkiguzu?

Harro Herri dugu aurtengo lema: Harro eta Herri. Gure hizkuntzan lotsarik gabe hitzegiteko aukera aldarrikatu nahi dugu, etxean, karrikan, lanean, leku guzietan. Euskaldunak gure hizkuntzaz eta garenaz harro garela erran nahi dugu. Eta Herri, hizkuntza delako biltzen gaituena. Batasun sentimendu hori indartu nahi dugu etorkizunean elkarrekin aitzina egiteko. Hurbiltasun horrek sortzen duelako euskal komunitatea. 23. Korrika honetan Harro, baina ez konforme, aldarrikatu nahi dugu. Ezinbestekoa da Euskal Herri osoan euskararen normaliza- zioa indartzeko herritarren kontzientziazioan eta aktibazioan eragitea, baina ardura hori ezin da norbanakoen bizkar utzi. Herritarren ahaleginarekin batera, instituzioek ardura garrantzitsua dute euskararen normalizazioan pausuak egiteko eta egungo errealitateari erantzun sendoak emateko: hizkuntza-politika ausartagoak behar ditugu eta baliabideak politika horiek bideratzeko heinekoak izan behar dira.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia