Nagore Irazustabarrena. Molukei Espezieen Uharteak ere esaten zitzaien eta horixe zen espedizioaren xedea. Karlos V.ak han eta hemen piztutako gerrak ordaintzeko diru premia zeukan, Juan Sebastian Elkano getariarrak Ozeano Barera Amerika Hegoaldetik joan zitekeela frogatu berri zuen eta, hala, erregeak berehala agindu zuen diru-sarrera oparoak ekarriko zizkion abentura. Garcia Jofre de Loaisa (1490-1526) gaztelarra zen espedizio burua, eta Elkano bera haren bigarrena. Ez zen euskaldun bakarra; haren hiru anaia Elkanorekin joan ziren, baita beste asko ere: Gebara, Areizaga, Urdaneta, Uriarte, Gorostiaga...
Zazpi ontzietatik bi berehala hondoratu ziren eta hirugarren bat mutinatu eta Iberiar penintsulara itzuli zen. Beraz, lau karabela iritsi ziren Ozeano Barera. Santa María de la Victoria bakarrik iritsiko zen Moluketara. Magallanes itsasartea pasa eta berehala, beste ekaitz batek ontziak sakabanatu zituen eta San Lesmes, nagusiki euskaldunez osatua, betiko galdu zen. Robert Langdon historialari australiarrak The Lost Caravel lanean jaso zuenaren arabera, ordea, ontzia ez zen hondoratu eta marinelek arrastoak utzi omen zituzten Polinesian eta Zeelanda Berrian. XVII. mendean Domingo Bonaetxea getariarrak nahiz Cook kapitainak topatu omen zituzten arrasto horiek: mendebaldeko ezaugarriak bertako zenbait aurpegitan, agur esateko modua, itsasoan orientatzeko metodoak... Eta Bonaetxeak gurutze bat ere ikusi omen zuen.
Espedizioa irten eta urtebetera, 1526ko uztailaren 30ean hil zen Loaisa, eta handik astebetera, Elkano bera. Toribio Alonso de Salazar Enkarterrietako diruzaina izan zen haien ordezko eta irailaren 5ean Lapurren Uharteetara –egungo Marianak– iritsi zen. Magallanesen espedizioko kide bat topatu zuten han, ezustean. Gonzalo de Vigo galiziarra zen, biluzik zegoen, “ilea ipurmasailetaraino” iristen zitzaion eta bertakoen hizkuntza ikasia zuen.
Espedizioa abiatu eta hamaika urtera itzuli zen lehen marinela Iberiar penintsulara: Andres Urdaneta ordiziarra zen.