euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Euskaldunak Bartzelonan: Eli Zunzunegi, Sara Galar, Ane Motoso, Ziargi Etxarte (Zazpikan, Naiz.eus)

12/31/2017

Euskal Herria utzita Bartzelonara bizitzera joandako euskaldunak asko dira, bakoitza bere arrazoi eta asmoekin. Hiriaren xarmak harrapatuta edota ogibideak hala eskatuta bada ere; edozeinek aurkitu dezake bere tokia aniztasunaren Bartzelonan; zentrotik mendi inguruetara eta Rambletatik Santsera. Bartzelona bizileku duten lau euskaldunek euren esperientziak ekarri dituzte orriotara.

Link: Naiz.eus

Maddi Txintxurretaren erreportaia

Eli Zunzunegi. ETBko kazetaria.: «XIV. mendeko ‘beste’ Bartzelonarekin geldituko nintzateke»

Eli Zunzunegiri (Legorreta, 1966) Bartzelonako “argia” gustatzen zaio. ETBko kazetaria da bera, eta hogeita hiru urte inguru darama kamera aurrean Bartzelonako korrespontsal gisa. Bartzelonako argia gustatzen zaio, eta itsasoa ere bai: «Alde batetik, itsasoa ondoan edukitzea gustatzen zait. Gogoratzen dut etorri nintzen urtarril horretan esnatu eta egiten nuen lehenengo gauza leihotik begiratzea izaten zela. Zerua urdin-urdina ikusten nuen egunero, harrituta nengoen. Bartzelonan dagoen argia ikusgarria iruditzen zait».

1993an iritsi zen Eli Zunzunegi hiri handira. Abiatu aurretik, Euskal Herrian ere ETBrekin lanean aritu zen urte batzuk, eta Bartzelonara iritsi eta “berehala” berrartu zuen katearekin kontaktua. «Etorri eta handik hilabete bat edo bira hasi nintzen kolaborazio batzuk egiten, eta hortik aurrera harremana sendotu zen», esan du kazetariak. Euskal Herriko gauza asko ditu faltan Zunzunegik: «Lagunak, familia, noizean behin euri pixka bat ere bai, eta jana. Hemen ondo jaten da, baina pintxoak, sagardotegia… horrelako gauzak faltan botatzen ditut batzuetan».

Bartzelonako txoko kuttunik aukeratu behar balu, «Ciutat Vellako kale-zirrizkoak» hautatuko lituzke. El Raval, Auzo Gotikoa. Etxe-arte estuak, La Rambla zaratatsutik alde bietara sigi-saga ezkutatzen diren morfologiak. «Ematen du kale horietatik denbora ez dela pasatu, nolabait geratu egiten dela, eta askotan beste aro batera eramaten zaitu», azaldu du Zunzunegik. Ildefonso Falconesen “La Catedral del Mar” liburua gogorarazten diote Ciutat Vellako kale zaharrek. Liburua XIV. mendeko Bartzelonan murgiltzen da, Ribera auzoko Santa Maria del Mar elizaren eraikuntzaren garaietan. «Kale horietatik joaten naizenean, Ildefonso Falconesen liburuko epoka hura bizitzen ari naizela dirudi», dio legorretarrak.

Badago Bartzelona dendaz jositako hiribide zabalekin lotzen duenik, Agbar Dorrea lako eraikin altuekin; berriemailearen hitzetan «askoz eleganteagoa» den hiri horrekin, baina bera “beste” Bartzelonarekin geratuko litzateke, alabaina, XXI. mendekoa bainoago XIV.ekoa dirudien horrekin.

Hiria astintzen ari den turismoak telebista publikoko langilea kezkatzen du. Beraren aburuz, Bartzelonak bere xarma galtzen du «horrenbeste jende ikusten duzunean: Orain dagoen turismoa, nik uste gehiegikeria bat dela. Jende asko etortzen da, eta toki batzuetara joateko gogoa kentzen dizu, hala nola Ramblak edo erdigunea. Jendez gainezka daude. Badakit Bartzelona turismoaz bizi dela eta oso inportantea dela jende askorentzat, baina uste dut neurriz kanpo dagoela momentu honetan. Bartzelonako alkatea saiatzen da hori kontrolatzen, baina oso zaila da, jende asko bizi delako hortaz».

Ihesbiderako aukerak. Turismoa nekagarria eta akigarria izan daitekeen lez izan daiteke berdin kazetariaren lana, tarteka bederen. Azken hilabeteak, abuztuaren 17ko atentatutik gaurdaino, ez ziren errazak izango Katalunian beharrean diharduen ezein berriemailerentzat. Ez eta Eli Zunzunegirentzat ere. «Lan aldetik oso akigarria izan da. Lan handia izan dugu espero ez genuen atentatutik orain arte. Prozesuaren kontuarekin, zer esan», dio legorretarrak. Bestalde, lana akigarria izaten ari den arren, Zunzunegik esan du «oso interesgarria» dela: «Prozesu oso diferentea izan da. Azken hilabeteetan gertatu diren gauza guztiak batzuetan txundituta uzteko modukoak ere izan dira; baina, oro har, oso prozesu interesgarria izan da».

Etengabeko informazioaren zurrunbiloan, baina, Eli Zunzunegik aurkitu du ihesbiderik Bartzelonan, baita egun estresagarrienean ere: «Egun batean, zuzenekoak egin beharra geneukan; aurrena Parlamentuan, gero Sant Jaumen. Oinez egin nuen Parlamentutik Sant Jaumerako bidea, eta Santa Maria del Mar elizaren ondotik pasatu nintzen. Barrura sartu nintzen, eta, turistak zeuden arren, momentu batean aurkitu behar nuen bakea topatu nuen bertan. Izugarri polita da, asko gustatzen zait eliza hori, eta deskonexio momentu bat izan zen». Falconesen eleberrira itzulera egin eta lasaitu. Bartzelona kaotikoenak ba omen ditu gotorleku baketsuak.

Sara Galar. Diseinatzailea: «Euskal Etxeari esker lagun asko egin ditut»

«Hamabost egunetarako etorri nintzen Bartzelonara, eta hamazazpi urte damarat bertan bizitzen», dio Sara Galarrek (Noain, 1977). Diseinua eta Moda ikasi zuen Donostiako akademia batean, eta Kataluniako hiriburura joan behar izan zuen azterketa bat egitera. Baina, ondoren, lana aurkitu zuela eta, hantxe geratu zen bizitzen, gaur arte. «Inoiz ez nuen Bartzelonan bizitzeko asmorik izan, sekula ez nuen planteatu», aitortu du.

Alabaina, Euskal Herrian baino lan aukera gehiago aurkitu zituen han, eta horregatik geratu zen bertan ainguratuta: «Bartzelonan lanagatik nago, Iruñea aldera itzultzea gustatuko litzaidake». Hala ere, itzultzeko gogoa izan arren, Sara Galarrek aurkitu du bere lekua Kataluniako hiriburuan, eta hori ezagutu dituen pertsona «interesgarri eta jator» guztiei zor diela dio: «Bartzelonan pasatu zaidan onena izan da Euskal Etxearen bitartez ezagutu dudan jende miresgarria. Horri esker lagun asko egin ditut, esperientzia oso intentsuak bizi ditugu elkarrekin; eta idazleak, aktoreak, kazetariak eta musikariak ezagutzeko aukera izan dut». Sara Galarren lagun gehienak euskaldunak dira, berak dioenez, «funtzionatzeko moduagatik»: «Familia moduko bat osatzen da Euskal Herritik kanpo bizitzen ari garenekin».

«‘Egunkaria’ itxi zuten garaian iritsi nintzen Bartzelonara, eta elkartasun ugari bizi izan nuen horregatik. Mugimendu izugarria egon zen hemen, eta, hein batean, horregatik sartu nintzen Euskal Etxean», dio Sara Galarrek. Bartzelonara iritsi eta urtebetera sartu zuen muturra Euskal Etxean, jende berria ezagutzeko asmotan, besteak beste. Noainen, bere jaioterrian, dantza talde batean aritzen zen, eta aitzakia horrekin, Euskal Etxean dantza irakasle izatea proposatu zioten, lehenagoko dantza taldea desagertu berri zenean.

Galarrek dio «ekimen asko» antolatzen direla Bartzelonako Euskal Etxean: «Garrantzitsuena da euskara klaseak ematen direla, baina beste gauza asko ere egiten ditugu: euskal dantzak, txalaparta, trikitia, panderoa… denetarik. Haurren txokoa ere badago, izan ere, bertara etorritako guraso euskaldunek nahi dute euren seme-alabak giro euskaldunaz goza dezaten eta euskaraz mintzo daitezen. Euskal Herria Sona musika festibalaren hogeigarren urteurrena ospatu berri dugu eta musika talde pila bat etorri dira, mendi taldea ere osatu dugu, irteera gastronomikoak…». Noaindarra gehien hunkitzen duen ekitaldia, baina, Korrika Eguna da. Egun osoko jaialdia egiten dutela dio; goizean korrika, eguerdian bazkaria eta gero kontzertuak. «Goizeko hamarretan hasten dugu festa eta goizaldeko ordu bietan bukatu».

«Vasquitis»-etik «catalanitis»-era. Sara Galarrek aipatu du kataluniar asko gerturatzen direla Euskal Etxera euskaraz ikastera, eta gehienek «plazeragatik» egiten dutela. «Ni bertara iritsi nintzenean, nolabaiteko ‘vasquitis’ bat zegoen. Orain ez, orain ‘catalanitis’-a dago Euskal Herrian», dio barrez: «Orain dela hamar urte esango balidate ez nuke sinetsiko!».

Bartzelonako «klima» maite du gehien Galarrek, baina baita bidaiatzeko eta mendira zein hondartzara joateko hiriak eskaintzen duen erraztasuna ere. Hori bai, «poteoaren» falta dauka. «Katalunian jendeak lan egiten du eta ondoren etxera doa. Afariak-eta egiten dira, baina ez dago Euskal Herriko tabernaz tabernako kultura hori».

Gracia auzoan bizi da, berak dioenez, «herri giroan», eta hiriko leku gustukoena du hau. «Ni herrikoa naiz, eta gustatzen zait Gracia, badirudielako herritxo bat dela hiri handi baten barruan. Okina ezagutzen dut, farmazialaria ere bai, eta auzoan bizi den jendea agurtu dezaket, bai kataluniarrak eta baita euskaldunak ere», dio. Alde txarrak bilatzen hasita, «turismoa» aipatu du Galarrek ere. Beraren ustez, hiria «ez dago prest» horrenbesterainoko jende saldoa jasotzeko. Oraintxe bertan hiriak daukan «okerrena» dela aipatu du. «Gracian ez dago horrenbesterainoko turismoa oraindik, baina hemen ere masifikatzen ari da», esan du.

Ane Motoso. Ingeniaritza Biomedikoko masterreko ikaslea. «Hemen, asteburu bakoitza ezberdina da»

Ikaslea da Ane Motoso (Bergara, 1995). Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritza Biomedikoko gradua ikasi ostean, konde-hirira saltoa eman zuen aurtengo irailean, Bartzelonako Unibertsitateak  eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak batera eskaintzen duten Ingeniaritza Biomedikoko masterra ikastera. Lehenengoz egin du herritik hirirako exodoa, eta Bergaratik hiri handirako aldaketak asko harritu du Motoso: «Ni ez naiz inoiz atera herriko bizitzatik, eta Bartzelonara iristean gehien harritu ninduena trafikoa izan zen, bertako jendearen presak», aipatu du ikasleak.

Hiriko erritmora ohitu behar izan du, metroaren amaraun-mapa eskuetan hartu eta Bartzelonako barrutiak kontrolatzeko bidean. Nahiz eta bergararra bizitza ez hain frenetikora eginda dagoen, onartu du hiriaren erritmoak askotan bera ere «azeleratu» egiten duela. «Ikusten dut jendea nola haserretzen den metroa galtzen duenean, baina niri ere berdina gertatzen zait. Adibidez, unibertsitatera joateko bi autobus hartu behar ditut, eta lehenengotik bigarrenerako ibilbidea korrika egiten dut semaforoa berdean harrapatzeko, bigarren autobus hori ez galtzeko. Korrika egiten dut, jakin arren hurrengo autobusa bost minutura etorriko dela», esan du Motosok.
Presa eta eginbeharretan kontzentratuta aritzen dira hiritar asko, nor bere baitan sartuta. Ane Motosok dio metroan jendea «beti serio» ikusten duela: «Gutxitan ikusi dut irribarre bat, horrek atentzioa eman dit».

Ikasleak kirola eta mendi-ingurua ditu arnasgune eta ihesbide. Horta auzoan bizi da, eta esaten du maiz joaten dela korrikan Tibidabo ingurura. Bertan aurkitzen du erdiguneak itotzen duen lasaitasunaren ifrentzua. «Korrika joaten naiz, eta hamabost minututan mendietatik gertu nago. Alde horretatik zortedun naiz», esan du Motosok.

Lau hilabete eskas darama bergararrak Bartzelonan, eta hiria deskubritzeko dauka oraindik. Noizean behin zentroko kale jendetsuetan murgiltzea gustatzen zaio, «benetako hiriko bizitza» sentitzeko: «Hiriko giroan sartu nahi badut, zentrotik paseatzen dut. Gustatzen zait jendearen erreakzioak behatzea».

Beste bi euskaldunekin bizi da aipatu Horta auzoan, eta lagun katalanak badituen arren, Bartzelonan bizi diren ikasle euskaldunekin asko erlazionatzen dela dio. Horietako batzuk azken hilabeteetako zurrunbilo politikoaren baitan ezagutu dituela esan du. Iritsi eta gutxira bizi zuen bergararrak urriak 1eko erreferenduma, eta horren bueltako egunetako giroa «oso gori» sumatu zuela aipatu du. «Astero geunden kalean; ekintza, kontzertu, manifestazio pila bat zeuden. Hori guztia aitzakia izan da jendea ezagutzeko. Eta, kuriosoa da, baina normalean euskaldunak elkartu gara giro horren baitan», esan du ikasleak. Hala ere, orain «giroa lasaitu» egin dela dio.

Aspertzeko tarterik ez. Kataluniara iritsi aurretik, Motosok uste zuen katalan pixka bat ikasteko aukera izango zuela unibertsitatean, baina ez da berak nahi bezala izan. Klase gehienak ingelesez jasotzen dituztela dio, eta «tarteka» erdaraz, baina katalanez sekula.

Ane Motosok ez dauka aspertzeko tarterik Bartzelonan. Hirian «askotariko aukerak» daudela dio, edonoren nahierara. «Hemen, asteburu bakoitza ezberdina da. Ez zara errutinan jausten, horrenbeste gauza dituzunez probatzeko, beti zerbait berria egin dezakezu», azaldu du Motosok. Eta hori bera egiten du berak, aldiro «leku desberdinak» bisitatuz.

Ingeniaritza Biomedikoko masterrak urtebeteko tartea emango dio Ane Motosori Bartzelona deskubritzen jarraitzeko, baina bera hasi da egonaldia luzatzen pentsatzen. «Hasieran uste nuen masterra ikasi eta buelta egingo nuela, baina orain ez dut ezer baztertzen», dio. Lanari begira, bergararrak iritzi dio pareko aukerak izango lituzkeela Euskal Herrian eta Bartzelonan ingeniari biomediko bezala aritzeko.

«Hemen aukera pila bat daude, arloko enpresa asko daude, diru laguntza ugari jasotzen dituztenak. Baina Arrasateko ikaskide ohi gehienak lanean edo praktiketan ari dira Euskal Herrian, orduan, bertan ere badago lan egiteko aukerarik», uste du Motosok. Bartzelonan geratzeko hautua egingo balu, «gustuz» geratuko litzatekeela esan du, ez bertan lan etorkizun oparoagoa espero duelako.

Ziargi Etxarte. Sants auzoan tabernaria: «Bartzelonako jendea gu bezain erraz eta konplikatua da»

Tabernetan, garagardo edo ardo batzuen bueltako aho-beroetan sortzen dira eztabaida politiko, existentzial eta eguneroko kezka asko. Horrenbestez, tabernariek asko jakin dezakete inguru bateko errealitate sozialaren bilakaerari buruz. Sants auzoaren «erdi-erdian» dagoen Kop de mà tabernako barra atzealdean lanean aritzen da Ziargi Etxarte (Iruñea, 1989), eta berak dio jendearen ardurak nabarmen aldatu direla bera Bartzelonan bizitzen dagoenetik. «Hamar urte dira iritsi nintzenetik. Duela hamar urte Bolonia Planaren aurkako borroka izan zen unibertsitateetan, horren ostean greba orokor batzuk etorri ziren, eta murrizketen aurkako borroka ere bazebilen jendearen ahoetan», dio tabernariak.

Orain, aldiz, independentziarako prozesuaz eta honen kausa-ondorioei buruzko elkarrizketak dira nagusi Kop de má tabernako egurrezko pareten artean. «Duela hamar urte egon nintzen nire lehenengo Diadako manifestazioan, eta inoiz ez nuke imajinatu ere egingo han ginen lau katuk prozesu hain handian bukatuko genuenik. Gauzak asko aldatzen dira, bai Bartzelonan eta bai Iruñean, itzultzen naizen aldiro. Hiriaren morfologia aldatzen da, bertan bizi den jendea ere bai, eta baita pertsonek dituzten ardura eta proiektuak ere», esan du Ziargi Etxartek.

Iruindarrak esan du gustatzen zaiola hemen bizitzea, bere tokia aurkitu duela Kataluniako hiriburuko barrunbeetan: «Lortu dut eroso sentitzen naizen leku bat, eroso sentitu naizelako bertakoekin eta Euskal Herritik edo munduko edozein txokotatik hona etorritako jendearekin. Bartzelonak duen aniztasunarekin, bakoitzak bere lekua aurkitzeko aukera dauka, eta hemengo bizitza soziala bizitzeko modukoa iruditzen zait, ez dago aspertzeko tarterik».

Bartzelonako turismoa «gehiegikeria bat» iruditzen zaio Etxarteri, eta hori litzateke hiritik aldatuko lukeena. Esan du hasieran bazirudiela «Sants-era ez zela sekula iritsiko», baina bere auzoan ere turista kopurua nabarmen hazten ari dela. Aipatu du Kop de mà tabernara gero eta jende gehiago agertzen dela «ingelesez galdezka», eta nabarmendu du «horren aurka ere» borrokatuko direla. «Bartzelonan asko kostatzen da lasaitasuna eta bakardadea aurkitzea», adierazi du iruindarrak. Zaila izan arren, behar duen bakea Kanposantuko Brigada Internazionalisten omenezko parkean edo Bartzelonako itsasargian erdiesten duela dio, horiek baititu hiriko txokorik kuttunenak.

Sant-eko «herrikoa». Kataluniara iristean, hemen bizi ziren euskaldunekin elkartzeko ahalegina egin zuen, baina gerora, bartzelonarrak ezagutzen hasi zen: «Euskaldun asko Bartzelonan iragaitzaz dago, denbora labur baterako, eta horrek ez du laguntzen luzarorako erlazioak mantentzerako orduan. Horregatik, momentu batetik aurrera, auzoko jende gehiago ezagutzen hasi nintzen». Hirikoekin harremanak egitea erraza edo zaila den galdetuta, esan du: «Egia esan, Bartzelonako jendea gu bezain erraz eta konplikatua da».

Ikasteko ideiarekin lur hartu zuen Bartzelonan Ziargi Etxartek, baina, dioenez, «segituan» hasi zen lanean: «Gehiago egin dut langile bizitza ikasle bizitza baino». Lan baldintzei begira, bere aburuz, Euskal Herrian «orokorrean lana hobea da»: «Duinagoa da, egonkorragoa, baldintza hobeak daude. Hemen, lan asko dago, baina askotan txarra da, gaizki ordaindua eta nahiko irregularra. Egoera prekarioagoa da». Horri buelta ematen saiatzen da bere negozioan, «ahalik eta soldata duinenetan» ordainduz.

Sants auzoan ezaguna da Ziargi Etxarteren taberna. Bertara hurbiltzen denak pintxoak, tortillak, sagardoa eta Euskal Herriko ardoa aurkituko ditu besteak beste, eta dena proiektu kooperatibista batekin gozatuta, ekonomia solidarioarekin bat eginda. «Izenak, Kop de má, laguntza ematea esan nahi du. Auzoko taberna bat da: auzoko jendea elkartzen da batik bat, prezio merkeak ditugu. Askok esaten dute Sants-eko herrikoa dela», esan du Ziargi Etxartek.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia