Hodei Iruretagoiena. ETAren armagabetzearen ondoren, zer? Galdera horren inguruan, euskal presoen egoera izan dute hizpide Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak, Administrazio Zuzenbideko katedradun Iñaki Lasagabasterrek eta espetxeko funtzionario ohi Pepe Mouliak. Euskal Herritik harago eraman dute gaia oraingoan: Madrilen egin dute mahai ingurua, Espainiako Kongresuko talde politikoekin hainbat bilera izan ondoren.
Azkarragaren esanetan, «ziklo berri bat» ireki da ETA armagabetu ondoren: «Esperantza garaia da euskal gizartean, eta horrek balio behar du bizikidetza sozial eta politikorako espazioak zabaltzeko». Dagoeneko «indarkeria berriz gertatzea ezinezkoa» izanik, «indarkeria haren ondorioak» konpondu beharra nabarmendu zuen Sareko kideak: «Demokratikoki ez da onargarria, indarkeria amaitu ondoren, ezer aldatu ez balitz bezala jarraitzea, mendekuan oinarritutako politikak aplikatzen». Horregatik, euskal presoei ezartzen zaien «legedia berezia» bertan behera uzteko eskatu zuen Azkarragak: «Presoen eskubide urraketak salatzea ez da politika alderdikoia egitea; pertsona guztien giza eskubideak defendatzea da».
Lasagabasterrek presoen egoera juridikoaz hitz egin zuen, eta Mouliak espetxeko funtzionario gisa izandako esperientziaz.
Mahai inguruaren aurretik, Espainiako Kongresuan izan ziren Sareko kideak, hango talde politikoekin bilerak egiteko. Joseba Azkarraga bozeramailea buru, PSOEko Margarita Roblesekin, ERCko Esther Capellarekin, PDECateko Lourdes Ciurorekin, EAJko Mikel Legardarekin eta Podemoseko Nagua Alba eta Eduardo Maurarekin bildu ziren. Sareren aldetik, Pepe Mouliak eta Iñaki Lasagabasterrek ere hartu zuten parte bileretan.
Sareko kide Inaxio Oiarzabalek BERRIAri azaldu dionez, lehen ere bazuten harremana alderdi horietako batzuekin, baina lehen aldia da Madrilen halako bilera sail bat egiten dutela talde politikoetako diputatuekin: «Presoen eskubideei buruz hitz egiteko elkartu gara, haien iritzia eta jarrera jasotzeko». Lehen harreman horiekin hasita, «harreman iraunkorra» izan nahi dute aurrerantzean.
Besteak beste, «presoen eskubideen urraketen aurka jarduteko beharra» helarazi die plataformak talde politikoetako diputatuei. Nagusiki, bi mezu eman nahi izan dituzte Sareko kideek Kongresuan, ETAren armagabetzearen ondoren irekitako «ziklo berria» aintzat hartuta: euskal presoei ezartzen zaien «legedia berezia amaitu beharra» batetik, eta esparru politikoan nahiz juridikoan «erabaki demokratiko eta humanitarioak» hartzeko beharra, bestetik. Balorazio sakonagoa aurrerago egingo badute ere, «lehen inpresioa baikorra» izan dela adierazi du Oiarzabalek. «Badago aukera Madrilen gai honi buruz hitz egiteko; ez da erraza izan hori orain arte. Aukera dago beste modu batean hitz egiteko, normaltasun gehiagorekin».
Majarenasi bisita
Madrilerako bidaia baliatuta, Sara Majarenas euskal presoaren eta haren alaba Izarren egoera bertatik ezagutu nahi izan dute Sarekoek. Harrera etxe batean daude biak, eta bisita egin zieten asteartean. «Beste batzuen aldean, driskriminatuta dago Majarenas, baldintza gogorragoetan», azaldu du Oiarzabalek. Urtarrilean, presoaren 2 urteko alaba labanaz zauritu zuen haren aitak. Haurrak espetxetik kanpora atera behar zuen 3 urte betetzean, eta martxoan baldintzapean aske geratzea onartu zioten Majarenasi.
Hala ere, haurra osatzeko eta ama-alaben eskubideak bermatzeko, biek Donostian egon behar dutela nabarmendu du Oiarzabalek: «Izar eta Sara elkarrekin daude, baina Izarrek askatasunari uko egin behar izan dio amarekin egoteko. Han ez du ingurunerik, etxetik urrun dago, eskola arrotz batean... Donostian egon behar du egunerokoa normalizatzeko».
Gaur, Motxilaren umea filma emango dute Intxaurrondoko (Donostia) kultur etxean, 18:00etan, Izarrekin plataformak antolatuta. Ama preso duen haur baten istorioa jasotzen du filmak.