Iurre Bidegain. Eusko Ikaskuntzak abiatu zuen Eusko Diasporaren proiektuaren baitan, Audrey Hoc zinegileak munduan barrena dauden hainbat euskaldunen lekukotasunak bildu ditu. New York, Bueno Aires, Kebekoak ikusi ondoren, Uruguain eta Tailandian grabatutako bi dokumentalak aurkeztu zituen martxoaren 10ean, Baionako Euskal Museoan.
Leonat Egiazabal Uruguain sortu zen eta betidanik euskararekin harreman berezia ukan du. Euskara ikasi du bai Uruguain, baita Euskal Herrian ere; behin baino gehiagotan hegazkina hartu du euskarazko ikastaroetan parte hartzeko. Gaur egun, Montevideoko Gizarte eta Giza Zientzien unibertsitatean euskarazko klaseak ematen ditu.
Horrelako testigantzak lortu ditu Audrey Hoc zinegileak. Bada hiru urte inguru euskal diaspora osatzen duten pertsonen bila dagoela eta oraingoan bere objektiboa Uruguai eta Tailandian finkatu du. Helmuga horiek lortzeko sare sozialek eta ahoz-ahoko ezagutzek zerikusi handia dutela azaldu du.
Azken bi ekoizpenak ezberdinak izan direla aitortu du. "Argentina eta Estatu Batuak bezalako herrialdeak famatuak dira, baina adibidez Tailandiakoa ekoiztea oso berezia izan da", aipatu du. Irudi aldetik "miresgarria" izateaz gain, euskal testigantzak bildu baino haratago joan nahi izan du. Hots, "bertako kulturan ere sartu" da. "Poztasuna eta harrotasuna sentitzen duzu euskara haraino zabaldua dela ikustean", kontatu du.
Eusko Ikaskuntzarekin proiektua osatu zuenean helburu batzuk adostu zituztela azaldu du. "Zinegile gisa nire irizpideak ere kontutan hartu ditut eta egia da askatasun osoz lan egin dudala", nabarmendu du Hocek. "Inprobisazioa" izan da bere bide laguna; horrek sortzen duen herstura dokumentalen berezitasunaren ispilua da.
Beste proiekturik ez
Bide horretan parean izan dituen euskaldunen testigantzak anitzak izan dira, baina gehienek arrazoi ekonomikoengatik utzi dute Euskal Herria atzean. "Hegoaldeko krisiak eragina izan du eta jendeak beste toki batean saiakerak egin ditu; aspaldiko diasporaren gisara", erantsi du.
Bost dokumentalak grabatzea "plazer hutsa" izan dela azpimarratu du emazteak. "Haatik, kristoren lana da bakarrik grabatu ditudalako eta askotan zaila delako soinua eta irudia bi eskuekin lantzea", azaldu du. Mementoz beste proiekturik ez duela eginen eta "zinema baztertuko" duela kontatu du.
Urte hauetan euskal diaspora islatu nahian zinegileak bisitatu dituen herrialdeetan "etxean bezala" sentitu da. "Haatik, Tailandiako paisaiak ikustean tropikoan nintzela ohartzen nintzen. Argi dena da mundua poltsiko bat dela", aipatu du.
Diaspora berria Uruguain:
Diaspora berria Tailandian: