Katalogoan 9.268 liburu ditu guztira gaur egun funtsak, eta 9.216 erabiltzaile konektatu dira noizbait plataforma honetara; horietatik 7.338 lagunek egin dute maileguren bat. Orain urtebete abian jarri zenean, 1.500 liburu inguruko katalogoa zuen eLiburutegiak. 12 hilabeteren buruan, gaztelaniazko 8.596 lan eta euskarazko 582 eskaintzen ditu, 180 argitaletxetakoak eta 4.849 idazlerenak.
Zifra hori Espainiako Kultura Ministerioaren eBiblio zerbitzua kontratatu duten Estatuko liburutegi publikoen batez bestekotik oso goian dago (2.000 liburu inguru). 2015 amaierarako, eLiburutegiaren erabiltzaileek 10.000 liburuko kopurua gaindituko duen katalogoa izango dute eskura, Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak gaur prentsaurreko batean agindu duenez, eta 2016rako berriz, 15.000 liburutara hurbiltzea da helburua.
Eusko Jaurlaritzak epub formatu digitalean dagoen euskal produkzio guztia eskuratu du, euskaraz nahiz gaztelaniaz (1.300 liburu inguru). Gainera, euskarazko edukien eskaintza handitzeko eta katalogoa aberasteko helburuz, euskaraz formatu digitalean (epub) argitaratzen duten Euskadiko argitaletxeen lanak erosteko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak.
Lehen urtean gehien mailegatu diren liburuak hauek izan dira: “Adulterio” (Paulo Coelho, 82 mailegu), “Legado en los huesos” (Dolores Redondo, 76 mailegu), “El guardián invisible” (Dolores Redondo, 76 mailegu), “A la sombra del templo” (Toti Martinez de Lezea, 74 mailegu), “Arotzaren eskuak” (Alberto Ladron, 73 mailegu) eta “20 minutos a la semana para estar en forma” (Ricardo Canovas, 71 mailegu).
Euskarazko ekoizpenari dagokionez, “Arotzaren eskuak”en ostean, beste hauek mailegatu dira gehien: “Ahaztuen mendekua” (Alberto Ladron Arana, 69 mailegu), “Amaren eskuak” (Karmele Jaio, 66 mailegu), "110. street-eko geltokia" (Iñaki Zabaleta Urkiola, 60 mailegu)…
Webgune eta irudi berrituak
Bigarren urteari webgune berrituarekin eta Antton Olariaga ilustratzaileak sortutako irudi berriarekin ekin dio eLiburutegiak. Gainera, abenduaren 4tik 8ra Durangoko Azokan emango dute zerbitzuaren berri, bere erakusmahaian.
Euskal Etxeetan ere bai
Laster, gainera, eLiburutegia euskal diasporara ere hurbilduko da. Mundu zabalean barreiatutako Euskal Etxeetako bazkideak ere eLiburutegiko erabiltzaile bihurtuko dira aurki, beronen katalogoa eskuragarri izango dute, eta liburuak maileguan hartu ahal izango dituzte. Honela, beste 80.000 erabiltzaile ingururi irekiko zaie eLiburutegia.