euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Etxemendira itzuli da Graziana (from Berria)

07/13/2023

Kasualitate batek herenamonaren etxera eraman du Sam Walker, Euskal Herrira euskara ikastera etorri den Kaliforniako gazte bat. Graziana Inda duela 120 urte atera zen Urepeleko Etxemendia baserritik. Walkerren bidaiaren lekuko izan da Berria. «Gertatu egin behar zuen», dioenez.

Link: Berria

Jon Ordoñez Garmendia. Urepeleko Etxemendia baserriak ateak ireki dizkio berriro Graziana Indari, 120 geroago. 1902an edo 1903an utzi zuen sorlekua AEBetara joateko, eta iragan larunbatean ezustean itzuli da Etxemendira. «Gertatu egin behar zuen», dio Samuel Walker Sam 24 urteko gazte kaliforniarrak. Sacramenton jaio zen, eta Grazianaren hereniloba da. Ekainaren 25ean iritsi zen Euskal Herrira, Ateak Ireki programaren bidez, euskara ikasteko eta Euskal Herria ezagutzeko. Galdua zuen herenamatxiren senideen arrastoa, baina, kasualitate bati esker, familiaren etxera itzuli da.

Ateak Irekik hiru asteko egonaldia eskaini die diasporako 37 gazteri Goierrin (Gipuzkoa). Walker da horietako bat. BERRIAko kazetari baten familiaren etxean bizitzea egokitu zitzaion. Ekainaren 25ean iritsi zen Ordiziara. Grazianaren ondorengoa dela eta hura Urepeleko Etxemendia etxekoa zela besterik ez zekien. Kazetariak galdetu zion Urepelera joan nahi ote zuen. «Bai, noski. Eskerrik asko». Hegazkinean hasi zen euskara ikasten, eta azkar ikasten du; ez dakizki alferrik beste sei hizkuntza.

Eta Etxemendia? Egongo al da norbait Grazianak duela 120 urte pasatu zuen atearen bestaldean? Film bateko gidoi batean bezala, Walker iritsi eta bi egunera, Urepeleko gazte bat gurutzatu da istorio honetan: Xalbat Altzugarai. Udan praktikak egingo ditu BERRIAn. Ekainaren 27an, praktika horien formakuntza ikastaroan topo egin zuten BERRIAko kazetariak eta Altzugaraik:

-Aurkeztu zaitezte, mesedez.

-Ni Xalbat naiz, Urepelekoa.

Amaitzean, kazetariak galdetu dio Urepelen Etxemendia izeneko baserri bat ba ote den oraindik. «Etxemendia? Zergatik nahi duzu jakin?». Estutu egin da gaztea: «Hau zer ari da ene etxeaz mintzatzen BERRIAn?», pentsatu du. Kazetariak azaldu dio istorioa. «Graziana zuen izena Samen herenamonak».

Izena entzun duenean, bihotza gelditu zaio Altzugarairi. Eta segidan oilo ipurdia jarri zaio kazetariari besoetan:

-Ni Etxemendikoa naiz. Graziana nire amatxiren izeba zen.

Etxemendira bidaia

Uztailaren 8a da, eta Walker lasai doa Grazianaren jaiotetxerantz, gidariaren alboan. Bi orduko bidaia da Ordiziatik. «Urduri zaude?». «Ez, nire familia da». Irekia eta iaioa da hizketan, baina, autoak aurrera egin ahala, barrura bidaiatu du, geroz eta isilago. Eskuan du sakelakoa, eta maiz altxatzen du argazkiak eta bideoak egiteko.

Ekainaren 27an Etxemendiko ateak irekiak zituela jakin zuenean ere, azkar heldu zion telefonoari. Bitan pentsatu gabe, bideo dei bat egin zuen Kaliforniara, gurasoenera. 120 urteko denboran ate bat ireki zen modu berean, 9.000 kilometroko distantzian leiho bat ireki zen, Ordiziako sukalde baten eta Elk Groveko egongela baten artean. Eta malkoak erori ziren bi aldeetan. Emozioari ezin eutsi, alde batean Walker, eta bestean Cristi ama, Bob aita eta Kelsy emaztegaia. Cristik Mary-Anne du ama. Horrek Dominika zuen ama. Azken horrek, Graziana.

13:30ak dira, eta sapa egiten du Urepelen. Gure Amentsa pilotalekuan eta hilerrian geldialdi bat egin ondoren hartu dute Etxemendirako bidea, Altzugarairen azalpenei jarraituz. «Begira, Sam, han dago». «Uauuuu...». Etxemendia ezagutzearekin amestu du Walkerrek txikitatik; Joseph Joe haren anaia bikiak ere amets bera zuen —duela zazpi urte zendu zen—. Elkarrekin joan nahi zuten. «Nirekin dakart bihotzean. Badakit».

Bat-batean, bihurgune baten atzean agertu da Etxemendia, errepide gainean. «Zuen kezka zen ea zutik den Etxemendia, eta bai, zutik baldin bada, zutik da». Xalbat Altzugaraik ez du etxean egoterik izan egun horretan, baina igande honetan dira elkar ezagutzekoak bera eta Walker, Etxemendian berriro. Haren bi izeba daude etxean zain. «Hor daude», esan du Walkerrek. Azkar jaitsi da autotik, eta atarira joan da zuzenean. Marthe Altzugarai du atean zain. «Zu al zara kaliforniarra?». Josephine ahizpak ezkaratzeko eskailerak jaitsi ditu. «Ni Sam naiz. Zer moduz?». Walkerren amatxiren lehengusu txikiak dira. Bi horien amatxi Dominika Inda zen, Grazianaren ahizpa, Etxemendian geratu zena.

Altzugarai ahizpek ateak ireki dituzte. Etxemendikoak lehenik, eta familiakoak ondoren. Bizilekua ez da oso handia. Toki malkartsu batean dago; belarra motz dago. Ganadurik ez dago orain hor, baina Pantxoa anaiak ardiak ditu ondoko etxean. Ilea mozten ari zaie. Walkerrek oroitu du etxean esaten zutela euli asko zeudela Etxemendian.

Etxea ez bezala, Etxemendiko familia handia da. Handiagoa orain. «Ederki. Sartuko gara nahi baduzue», dio Marthek. Familiaren historiak ez du itxaron, ordea, eta etxe atarian hasi dira xehatzen, istorioak aletzen.

1902an edo 1903an joan zen Graziana Etxemenditik. «19 urte zituenez eta adinez nagusia ez zenez —21 urte behar ziren orduan—, Ameriketara joateko gurasoen baimena zuela ziurtatzen zuen auzapezaren agiria behar izan zuen». Kopia bat gordea dute Etxemendian.

Hil zen arte, 1975 ingurura arte, Grazianak eutsi egin zion etxekoekin zuen harremanari, baina Kaliforniako familian ez zuten horren berri. Kalifornian Aldudeko emakume batekin soilik egiten zuen euskaraz, baina Etxemendira bidaltzen zituen gutunak beti idazten zituen ama hizkuntzan. Argazkiak gaineratzen zituen, eta horiek ere gordeak dituzte jaiotetxean. Kontakizunarekin liluratuta, Walkerrek telefonoa hartu du, Mary-Ann amatxiri deitzeko. Marthek, ordea, Kalifornian goiz dela esan du, eta lo egiten uzteko.

Etxera sartu dira guztiak. Ilun dago, beroa ez dadin sartu etxean. Freskuraz gain, goxotasuna antzeman daiteke sukaldeko ekonomikan, egongelako su baxuan, armairu gaineko kaikuan, paretako aitona-erlojuan eta, batez ere, Josephine eta Martaren hitzetan. Etenda zegoen ordulariari giltza eman dio Josephinek. Mahai gainean ez dira falta ardoa, ogia, urdaiazpikoa, izokina eta etxean egindako patea. Hori, hasteko.

Mahaiaren bueltan eseri dira. Bi ahizpek prest dute aperitifa, baina argazkiei heldu diete ezer baino lehen. Haien artean eseri da Walker. Argazki horietako batean Graziana ageri da, ustez senarrarekin eta hiru semerekin. Robert Keedy irlandarrarekin ezkondu zen Kalifornian, eta bederatzi seme-alaba izan zituen. Beste argazki batean, zaharrago, aulki batean eserita dago, jende gazteagoz inguratuta. Eskuinetik bigarrena Dominika da, Walkerren birramatxi.

Graziana behin itzuli zen Etxemendira, 1953an, Josephine jaio zenean. Bakarrik etorri zen. 1975. urte inguruan, hil zenean, familia bereko bi adarren arteko zubia galdu egin zen. Ama hizkuntza ere ez zen pasatu hurrengo belaunaldira, eta euskara galdu egin zen Etxemendiko familiaren Kaliforniako adar horretan. Samuel eta Joe Walker euskarazko abestiak kantatzen hasi ziren arte; Gatibu, Mikel Laboa... Joek gitarra jotzen zuen, gainera. Dominika birramatxi dementziarekin hasi zenean, hari euskaraz kantatzen zioten, eta irribarre egiten zuen.

Ateak irekita utziko dituzte

Dominika ere joan zen behin Etxemendira, duela hogei urte. Eta kontatu zuen gazte joan zela etxetik. Hura pasaeran etorri zen, ordea. Walkerren etorrerarekin hunkituta daude Josephine eta Marthe. Bost ordu iraun du Etxemendiko egonaldiak —gazta eta gozo artean, gero—, eta motz geratu dira 120 urtean pilatu diren istorioak kontatzeko. Atariko katuek 120 urte ezer ez balira bezala begiratzen diete ateratzean.

Walker Etxemendira itzuliko da igandean. Ateak irekita utziko dituzte. Kalifornia, gainera, ez zaie arrotz altzugaraitarrei. Beste bi ahizpa San Frantziskon bizi baitira: Monique eta Marie Dominique. Bisitan joaten diren hurrengo aldian, Walker eta haren familia ere bisitatuko dituzte. «Nik amarekin etorri behar dut hona», erantzun die Walkerrek. Amets bat bete da Etxemendian.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia