Garikoitz Goikoetxea. Gaztelania ez diren beste hizkuntza ofizialak bultzatzeko neurriak eskatu dizkiote 240 pertsona ezagunek Espainiari. Legealdi berriaren atarian, Espainia eleaniztuna izeneko adierazpena sinatu dute. Neurri zehatzak eskatu dituzte; besteak beste, hizkuntza koofizialentzako lege organiko bat, «bereziki estatuko administrazio orokorra, justizia eta goi mailako erakundeak ukituko dituena». Hizkuntza koofizialetako herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea litzateke arau horren funtzioa, eta «hizkuntza aniztasuna aitortzea». Horretarako, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna erabat betetzeko eskatu dute, eta aurrekontuetan hizkuntza horiek bultzatzea estatuak. Euskara ere bai.
Adierazpenak azaroko data du, baina orain egin dute publiko, Espainiako Kongresua martxan jarri denean. 2014an eta 2015ean egindako mintegi batzuk daude agiriaren oinarrian; hizkuntza koofizialetako hainbat ordezkari aritu ziren bilera horietan —tartean, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako sailburuordea—. Euskal herritarrez gain, beste herrialde batzuetakoak ere badira listan. Adibidez: Xexus Alonso Montero eta Henrique Monteagudo soziolinguistak, Carme Riera eta Manuel Rivas idazleak, Carles Marti PSCko kidea, eta Espainiako Justizia ministro ohi Francisco Caamaño (PSOE).
Hamar puntuko agiria da. Hasieran, eleaniztasunaren aldeko hautua ageri da: «Espainia herrialde eleaniztun bat da, eta halakoxea izan da beti, sortu zenez geroztik»; «Helburua da herritar guztiak eleaniztunak izan edo senti daitezela»; «Hizkuntza aniztasuna aitortu eta garatzea inoiz baino beharrezkoagoa da».
Oinarritzat, batetik, eskubideak hartu dituzte: «Milioika herritarrek beren berezitasuna eta eskubide linguistikoak aitortuak ikustea». Bestetik, berdintasuna: «Hizkuntza guztiak berdin-berdin Espainia osoari eta herritar guztiei dagozkie». Hizkuntza ofizial guztiak parean jarri dituzte: «Gaztelania ez beste hizkuntzak ez dira bakarrik kasuan kasuko autonomia erkidegoaren afera bat; gaztelania ez da bakarrik Espainiako Gobernuaren afera bat».
Eskubideen aitortza
Berdintasuna urrun dago, ordea. Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaren jarraipena egiten duen lantaldeak oraintsu egin du ebaluazioa, eta ohartarazi du Espainiaren menpeko administrazioan dagoela egoera kaskarrena. Bai administrazio orokorrean, ez dagoelako behar adina langile; bai justizian, gaztelaniaz egiten direlako prozedura ia guztiak, non eta alde guztiak ez diren ados jartzen beste hizkuntza batean jarduteko.
Hizkuntza aniztasunari buruzko lege organikoa eskatu duteEspainia eleaniztuna adierazpenean. Batetik, herritarren eskubideak jasoko lituzke: «Herritarrek hizkuntzak erabiltzeko duten eskubidea estatuko administrazio orokorrean, botere judizialean eta parlamentuan». Bestetik, estatuaren jardunean aintzat hartuko lituzkete gaztelania ez beste hizkuntza ofizialak ere: bai erakunde ofizialen jardunean, bai ekitaldietan eta dokumentuetan. Hezkuntzan erkidego horretatik kanpoko beste hizkuntzei buruz edukiak sartzea proposatu dute.
Lege organiko hori eginda, jarraipen batzorde bat osatu behar da, sinatzaileen ustez. Erkidegoak ere sartuko lirateke hor, eta urtero txosten bat kaleratuko lukete.
Dirua ere bai Madrilek
Hizkuntza gutxituekiko konpromisoa hartzearekin batera, baliabideak ere eskatu dituzte: «Espainiaren hizkuntza aniztasuna aitortu eta garatzeak berekin dakar erantzukizun partekatua, aurrekontuei dagokienez». Hori «administrazio guztiei» dagokiela uste dute; hortaz, Madrili ere bai. Europak jarritako baldintzetan hizkuntza sustatzeko diru laguntzak emateko eskatu dute.
Hizkuntza aniztasunaren gaia autonomia erkidego guztietan jorratu behar dela ohartarazi dute. Helburua: «Inor bazterturik ez sentitzea eta bizikidetza bermatzea». Horretarako gakoa adostasuna dela diote. «Adostasun ahalik eta handiena behar da Espainiako gizartean, bereziki ordezkari politikoen artean». Konstituzioaren aldaketan gai horiek ere sartzearen aldeko agertu dira.