Urtzi Urkizu. Aplikazioak eskualde hauetako albisteak eta agenda jasotzen ditu: Lea-Artibai eta Mutriku, Busturialdea, Oarsoaldea, Bidasoa, Irutxulo (Donostia), Urola Kosta eta Goierri. Eskualde guztien albisteen jario orokorra ikusteaz gain, bakarrik eskualde jakin bateko jarioa ikusteko aukera ere ematen du —baita eskualdeko agenda ikusteko aukera ere—.
Akting enpresak egin du aplikazioa. Asier Alkorta Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ko Interneteko arduraduna aritu da aplikazioa sortzeko lanak koordinatzen. Azaldu duenez, «erraz-erraza» da aplikazioa erabiltzea. «Gure helburua izan da erabiltzaileek Hitza argitaratzen den zazpi eskualdeetako informazioa modu erraz batean eskura edukitzea. Alegia, gertuko informazioa esku-eskura edukitzea». Horretarako, aplikazioak albisteak, agenda eta unean uneko jakinarazpenak jasotzeko aukera ematen ditu. Jakinarazpenei dagokienez, momentuko gertaera edo ohar garrantzitsuetarako erabiliko dute. «Adibidez, errepideak itxita, istripuak... Horrelako gertaeren berri momentuan bertan edukiko dute aplikazioa deskargatzen dutenek».
Eskualde guztien jario orokorra eta eskualdeka albisteak jasotzeko aukerak hartzailea erakarriko duela uste du Alkortak. «Azken finean, erabiltzaileei aukera eman nahi izan diegu tokian tokiko albisteak kontsultatzeko, baina, aldi berean, beste eskualdeetako albisteen berri edukitzeko aukera kendu gabe».
Ekitaldietara erraz iristeko
Aplikazioak dituen zerbitzuen artean, geolokalizazio bidezko kultur agenda dago. «Geolokalizazioak agendan aukeratutako ekitaldia egingo den tokira nola iritsi adieraziko dio erabiltzaileari», azaldu du Alkortak. «Horretarako, ekitaldi barruan mapa bat agertuko da, eta nola iritsi botoia sakatu behar dute erabiltzaileek. Automatikoki, sakelako telefonoaren nabigazio sistema martxan jarriko da, erabiltzaileari bidea erraztuz».
Hitza egunkarietako arduradunak gustura daude orain arte aplikazioak izan duen harrerarekin. Urtarrilean 3.000 deskarga lortzeko helburua jarri zuten, eta «bide onetik» doazela nabarmendu du Alkortak. Dagoeneko 2.000 deskarga baino gehiago lortu dituzte. «Eta erabiltzaileek balorazio positiboa egin dute aplikazioaz».
Ez dira, dena den, aplikazioaren lehen bertsio honetan geldituko. «Aurrera begira ere aplikazioa garatzen eta hobetzen jarraituko dugu», azaldu du Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ren Interneteko arduradunuak.
Aplikazioak, halaber badu webgune bat: appostua.eus. Handik ere eskura daiteke aplikazioa, aipatutako Android eta iOS sistema eragileetan. Webgunearen azalean deskarga kopuru handiagoa jarri dute erronkatzat: «Gure APPostua martxan! 20.000 deskarga baietz».