euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Eneko Bidegain kazetari eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea: Galdu ote du Euskal Herriak batasunaren zentzua? (from El Diario Vasco)

04/30/2018

Eneko Bidegain kazetari eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak 'Zazpiak bat' egitasmoaz idatzi du

Link: El Diario Vasco

Felix Ibargutxi. Eneko Bidegainek 'Lurraldea eta herria' plazaratu du, non Euskal Herriak denboran zehar izan dituen zatiketa administratiboak eta bestelakoak aztertzen dituen. Nolabait esateko, Euskal Herriaren mapen historia egiten du. Pamielak argitaratu duen liburuak azpititulu hau dauka:'Zazpiak bat. Atzo, gaur, bihar'.

Eneko Bidegain (Baiona, 1975) Komunikazio irakaslea da Mondragon Unibertsitatean eta lehenago kazetari gisa lan egina da Euskaldunon Egunkarian eta Berrian. Hitzaurrean galdera hau egiten dio bere buruari: «Bere batasunaren zentzua galdu duen herria ote da Euskal Herria?». Hain zuzen ere, kezka hori da liburu hau idazteko beharra eta grina piztu diona.

«Gure herria gero eta zatituago dago, eta zatiketa administratiboaren arabera antolatuta dago. Modu guztiz autonomoan dabiltza bateko eta besteko jendeak», adierazi du Bidegainek liburua aurkeztean.

Aitzin solasa, izenburu honen pean antolatu du: 'Herri zatiturik ez dago'. Bertan, Pako Aristik Donibane Lohizunen egindako mintzaldi batetik hartutako hitz hauek azpimarratzen ditu: «Herri bat ez da bi, edo lau, edo zazpi. Mapak begiratu besterik ez dago: Alemania bat agertzen zaigu, bat Polonia, Txina erraldoia bat da, eta bat Argentina».

Lehenengo kapituluetan lurraldearen bilakaera historikoa azaltzen du Bidegainek. Besteak beste, hau dio: «Vasconia-Akitaniak gudu bat galdu zuen Gure Aroaren Aurreko 56. urtean, erromatarren aurka. Gudu hartaz Julio Cesarrek idatzi zuena bide da Euskaldunen batasunari buruzko lehen lekukotasuna. Baskoiek amore eman zuten eta bahituak itzuli zizkieten erromatarrei; haatik euskaldun batzuk bahituekin gelditu ziren eta mendian babestu. 'Sibuzatoak' izena eman zien Julio Zesarrek; ikerlari gehienek uste dute oraingo Zuberoako herritarrez ari zela».

Beste atal batean, 'Herri ikuspegi murriztua' delakoan, gaur egungo mapei buruz dihardu. Torrealdairen datu argigarri bat aipatzen du: 2015ean, testuliburuen %31,3 baizik ez zen Euskal Herrian ekoitzitakoa. Eta Torrealdairen iritzia: «Horrek dakarren soka luzea da oso, euskal geografiaz, euskal historiaz, ikuspegi euskaltzaleaz, Euskal Herriaren zatiketa administratibo-politikoaz edo euskal curriculum propio eta beregainaz... Eta txarrena: errealitate hori egonkortua dago jada».

Aurrerago, 'Administrazioaren labirintoa' izeneko atala dator. Nortasun agiria askotan «amesgaizto» bihurtzen omen da: «Bereziki Espainiako Administrazioek eskatzen dute edozertarako Espainiako Nortasun Agiriaren (DNI delakoa) zenbakia. Jendeak buruz daki. Euskal Herri kontinentalekoek ez, ez baita eskatzen, eta anitzez luzeagoa baita».

Bukaera aldera, itxaropenari leiho batzuk irekitzen dizkio Bidegainek. Adibidez, lan- eta telebista-ordutegi gizatiarrago batzuk aldarrikatzen ditu. «Independentzia lortu aitzin ere egin daiteke lan –elkarrekin ezinbestez– Euskal Herriko ordutegi harmoniatsuago bati begira, Europako ordutegira hurbiltzeko», dio.

Halaber, proposatzen du «mugaz gaindiko posta banaketa enpresa bat sortzea». Gainera, elikadura burujabetzaz egiten du gogoeta, euskarazko kirol egunkari baten beharraz ere badihardu, eta Bidasoaz bi aldeetako herrien arteko senidetze harremanak eguneratu beharraz.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia