euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

ENE, ezinezkoekin amestu zutenen lorpena (from Diario de Noticias de Navarra)

12/03/2022

Nafarroaren Eguna bakarrik ez, eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, Francoren diktadura betean Eusko Ikaskuntzak euskararen nazioartekotasuna aldarrikatzeko 1949an abiarazi zuen ekimena.

Link: Diario de Noticias de Navarra

Miren Mindegia. Euskararen misterio nabarmenena ez da bere jatorria, iraupena baizik: halaxe zioen Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta euskaltzainak. Irulegiko eskuak zirraraz eta miresmenez gure mintzairaren sorburura begira jarri gaituen bitartean, ordutik egindako ibilbidearen historiak gogorazten digu haizea kontran izan duela maiz euskarak eta norbanako zein talde ekimenen bitartez egin izan ahal duela aintzinera. Hauspoa behar baita haizearen kontra ibiltzen jarraitzeko, atzerapausoak ere ematen baitira tarteka. Aintzinera egite horretan bere alea jarri duten hamaika ekimen eta pertsona egon dira, batzuk bertzeak baino bultzada handiagoa eskaini dutenak, indar eraldatzaileak bilakatu direnak edo erranahi sinbolikoak elikatu dituztenak. Hain zuzen ere azken hauen artean kokatu daiteke gaur, Nafarroako Egunarekin batera eta haren eskutik ere ospatzen den eguna: Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE).

Lotsa handia litzateke guk, Euskaldunok, geure hizkuntza galtzen ikustea lemapean, 1930ean ospatu zen lehenengo aldiz Eskuararen Eguna deiturikoa, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiak hamabi urte lehenago sortu zuten Eusko Ikaskuntza erakundearen ekimenez. Lehen ospakizun horiek, alta, ez zuten ofizialtasunik, euskara erdigunean jartzen zuten besta egunak ziren, Eusko Ikaskuntzako egungo lehendakari Ana Urkizak gogoratu bezala: “Egun horiek antolatzen baino, bizitzen hasi zirela esango nuke nik. Egun hori euskara eta euskal kultura sustatzeko, euskarari indarra emateko abiarazi zen”. Euskararen Egunak han eta hemen ospatu ziren garai hartan, baita Iruñeko kaleetan ere.

Primo de Riveraren diktaduratik atera berritan euskal kultura biziberritzeko asmo eta indarrarekin abiatu zuen lana Eusko Ikaskuntzak XX. mendeko lehenengo hamarkadetan, hainbat arlotan: elebitasuna irakaskuntzan aztertuz, Euskal Unibertsitatearen aldeko Batzorde bat eratuz, euskal arte herrikoia hauspotuz. Aldi berean, alderdien gaineko izaera zuen Autonomia Batzorde batek euskal historiaren lehen proiektu autonomikoa aurkeztu zuen 1931ko maiatzean, Lizarrako Estatutua izenez ezaguna dena.

Gerra Zibilaren ondoren Eusko Ikaskuntzaren jarduerak bertan behera gertatu ziren Hego Euskal Herrian, tartean 1936ko irailerako aurreikusita zegoen kongresua. Frankoren diktaduraren lehenengo urteetan diasporan eratutako taldeek mantendu zuten ENE-ren espiritua, bai Frantziako bai Hego Ameriketako euskal etxe eta elkarteen jardunaren bitartez. 1948an berreskuratu zuen Eusko Ikaskuntzak bere aktibitatea eta, azkenik, Miarritzen ospatu zen 1936an zintzilik gelditu zen kongresu hura, zazpigarrena hain zuzen ere. “Kongresu horretan”, gogoratu du Urkizak, “bi langintza nagusi bideratu ziren: alde batetik, Euskal Unibertsitatea sortzeko konpromisoa; eta bestetik, euskara eta euskal kultura indartu eta hauspotzeko ekimen sorta antolatzeko erabakia hartu zen”. Azken ekimen hauen baitan kokatu zen, hain zuzen ere, Euskararen Nazioarteko Eguna, garaiko Eusko Jaurlaritzaren eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren babesarekin hurrengo urtean izendapen ofizial bilakatu zena, euskararen unibertsaltasuna aldarrikatzeko helburuarekin.

Abenduaren 3a, Frantzisko Xabier Deunaren eguna, euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko eguna izatea erabaki zen, une horretan egindako aldarrikapenak zioen bezala, “(…)ez bakarrik hiriburuetan, hirietan, Euskal Herriko herrixketan, baizik eta euskal gizataldeak dauden lekuetan ere, jaioterritik gertu edo urrun egon arren”. Parisen, Caracasen eta New Yorken ere ospatu zen ENE, urte hartan.

Frankismo garai betean “egin zitekeen ametsik handienarekin amesten ausartu ziren” ekimenaren sustatzaileak, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azpimarratu bezala. “Hortxe dago egun honen garrantzia, bere sorreraren espirituan hain zuzen ere. Euskara eta euskal kultura nazioartean ezagutzera eman eta sustatzeko asmo horretan, garaiko ezintasun guztiei aurre egiten”.

1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak hartu zuten ospakizunaren lekukoa, hain zuzen ere abenduaren 3a ofizialki Euskararen Nazioarteko Egun izendatu zutenean. Euskal diasporak egindako mundu osoko lehen kongresuaren karietara egin zuen eskaria Uruguaiko ordezkaritzak. Frankismoaren mamua uxatuta, apalaldi garaian sartu zen eguna berreskuratu eta indartzeko bidea izan zen, Sagrario Aleman euskaltzainak azpimarratu moduan: “Berriro ere harreta egun horretan jarri nahi izan zen” gogoratzen du, “ospakizun gisa baina baita hizkuntz komunitate beretik atera ziren talde horiei omentzeko bide bezala”.

Izan ere, artean bai diasporan jarduten zuten taldeen mantendu zuten bizirik ENE-ren ospakizuna nagusiki, horietako asko Eusko Ikaskuntzak 2006an abiarazi zuzen izen bereko sariaren bidez babestuak eta diruz lagunduak izan zirenak, besteak beste Argentinako Artaburu Euskaltzale Elkartea, Bartzelonako Euskal Etxea, Alemaniako Gernika Deusch taldea, Erromako Associazione Culturale Euskara edo Renoko Euskal Ikasketen Zentroa.

Nafarroan, beranduago

Euskararen Nazioarteko Egunak bide malkartsuagoa izan zuen Nafarroako Foru Erkidegoan. Izan ere, eta ordurako ENE-ren bidea luzea bazen ere, Nafarroako Gobernuak ez zuen 2015a arte ofizialki bat egin egunaren ospakizunarekin. Euskararen normalizazioan oztopoak jarri zituen hizkuntza politikaren urteak izan ziren ordura artekoak, 1986ko Euskararen Foru Legean bere erakusgarri handiena izan zuena. Lege honen bidez etorri zen Nafarroaren zonifikazioa, lurralde osoko euskal komunitatea eremu “euskaldun”, “ez euskaldun” eta “mistoan” sailkatu eta hiztunen hizkuntz eskubideen bermeak zapuztu zituena.

2015 urtetik aurrera, aldiz, euskararen aldeko jarrera erakutsi nahi izan zuen urte hartako hauteskundeen eskutik eratutako Nafarroako Gobernu berriak, tartean Euskararen Nazioarteko Egunarekin ofizialki eta modu instituzionalean bat egin zuelarik. “Euskara hizkuntza nafarra da, behialako nahiz egungo nafarren mintzaira”, zioen orduko adierazpen instituzionalak. “Gure kultura ondarearen zeinurik berezienetariko bat eta nafartasunaren ezaugarri funtsezkoa; gure-gurea den hizkuntza, eta euskal hiztun komunitatea osatzen duten beste lurraldeekin nafarrok partekatzen duguna”. “Osatu zen aldaketaren gobernuak” gogoratzen du Mikel Arregi Euskarabideko egungo zuzendariak, “zuzen ikusi zuen ospakizun horrekin bat egitea. Bitxia suertatzen zen parte ez hartzea, bat ez egitea. Baina aurreko gobernuetan euskararen sustapena ez zen begi onez ikusten”.

Nafarroako Gobernuak, hala, euskararen aldeko jarrera erakutsi nahi izan zuen ekintza honekin, eta ordutik urtero antolatu du Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik garatu diren egitarauak, arlo kulturalean batez ere. Urkizak, Alemanek eta Arregik bat egiten dute, hala ere, ENE bezalako ospakizunen indarra euren sinbolismoan dagoela azpimarratzen, nahiz eta ez den horretara bakarrik mugatzen. Ospakizunaren eskutik, hausnarketarako eta gogoeta egiteko tartea ere ematen baitute egutegian markatuta etortzen diren data hauek. Euskaltzainaren aburuz, “zerbait ongi ez dagoela gogoratzeko jartzen dira horrelako egunak, arreta arazo horren gain ezartzeko eta gogoeta egiteko . Ospatu egiten da, gure eguna bezala ikusten dugu, baina aldi berean etorkizunari begira jartzeko bidea ematen digu”.

Etorkizunera begira, erronkak

1930ean dagoeneko Euskararen Eguna ospatu zuten horien izpiritu berarekin jarraitzen du, oinarrian, ENEk, euskara hauspotu eta zabaltzea baitu helburu nagusiki, erakunde publiko eta instituzioen babesarekin orain. Baina, etorkizunari begira, zeintzuk dira euskarak dituen erronka nagusiak? Alde horretatik, oraindik ere egiteko aunitz dagoela iritzi dio Alemanek, ez dela aski erakundeek euren babesa erakustearekin, nahiz eta horrek herritarrek euskararekiko daukaten jarreran eragin dezakeen. “Hizkun-tza politikak dira aldatu behar direnak, eta Nafarroan oraindik 86ko legearekin jarraitzen du euskarari dagokionez”.

Euskarabideko zuzendariak adierazi bezala, gaur egun Nafarroako Gobernuaren erronka euskarari dagokionez “ikuspegi aurrerakoi batetik aurrera egitea” litzateke: “Nafarroako errealitate soziolinguistikoa dinamikoa dela kontuan hartuta, euskara sustatzeko hizkuntza-politika planifikatua, baliabideekin, parte-hartzailea eta desberdinen artean adostua garatzea. Ikuspegi aurrerakoia, herritarren borondatea eta askotariko errealitate soziolinguistikoa errespetatuz, indarrean dagoen legearen interpretazio murriztailea gaindituko duen arau-esparrua garatzeko gai izango dena”.

Izan ere, azken datu estatistikoen arabera, ezagutzak hein batean gora egin duen arren erabilerak ez du errealitate berdina islatzen, erabilera eremuak, euskaraz aritzeko harnasguneak, estutu baitira. Hala iritzi dio Urkizak berak, erronka nagusiak hiru puntutan zehazten dituenak: erabilera biderkatzea, hezkuntza indartzea eta lan-arloa euskalduntzea. Erronkak erronka, etorkizunera bidea marrazten jarraitzeko bide horretan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen jarraituko da urtero, abenduaren 3an.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia