Horren harira, joan den irailean Wiesbadeneko lau artistaren lanak jarri zituzten galerian: Renate Reifert, Nicole Fehling, Horst Reichard eta Frank Deubelen akuarela, argazki eta instalazioak izan ziren ikusgai. Orain, berriz, Euskal Herriko lau artistaren sorkuntzak erakutsiko dituzte Alemaniako hirian. Gaurtik maiatzaren 22ra bitarte, Jose Luis Zumeta, Barbara Stammel, Sargam eta Koldobika Jauregiren artelanekin bi erakusketa egingo dituzte.
Tamaina handiko erretratuak eraman ditu Barbara Stammelek, figuratiboak baina espresionismo abstraktua oinarri dutenak. Sargamek ere tamaina handiko margolanak erakutsiko ditu, kolore biziko olio abstraktuak guztiak. Bestalde, Jose Luis Zumetaren Oi bihotz! serigrafia liburua ere aurkeztuko dute Wiesbadenen, baita Koldobika Jauregik harrian, egurrean zein burdinean ondutako eskulturak eta erliebe lanak ere.
Wiesbadeneko udaletxeko aretoan gaurtik hilaren 17ra bitarte, eta Cerny galerian bihartik maiatzaren 22ra bitarte zabalik egongo dira bi erakusketak.