euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Dominique Burucoa, Hego-Ekitaniako Eszena Nazionaleko zuzendaria: «Gure antzokia Frantzian da» (from Berria)

10/22/2017

Euskarazko ikusgarrietan ez dela aski kalitaterik erran izan du Burukoak, eta horregatik ez duela programatzen. Frantziarekiko lotura ere aipatu du.

Link: Berria

Nora Arbelbide Lete. Lapurdiko antzoki nagusien programaziorako giltza zentrala da Burukoa. Baiona, Angelu, Bokale eta Donibane Lohizuneko taula gain nagusien programazioaz arduratzen da. Label bat da Eszena Nazionala, Frantziako Ministerioak ematen duena. 2,9 milioi euroko aurrekontua du, erdia baino gehixeago diru publikoz osatua. Aurten, 62 ikusgarriren 150 bat emanaldi programatu ditu. Haien artean, euskaldun gutxi. Kalitate eskasa aipatu zuen Dominique Burukoak (1952, Baiona) programazioa aurkezteko prentsaurrekoan. Ez ditu ukatzen hitz horiek. Baina agian gaizki interpretatu direla dio.

Zer erran zenuen zehazki prentsaurreko hartan? 

Kazetariak hau galdetu zidan: Zergatik euskarazko hain ikusgarri gutxi aurtengo programazioan? Lehen oharra: ikusgarria espresio partikular batekoa den ala ez, horri ez diogu begiratzen. Ez dugu kuotarik. Ikusgarria gustukoa dugularik, objektiboak diren irizpide batzuen filtroekin, baita gure subjektibotasun propioaren arabera, orduan, programatzen dugu, ala ez. Izan dadin euskaraz, finlandieraz ala grezieraz.

Zergatik aipatu duzu kalitate eskasa? 

Beste ikusgarriei aplikatu irizpideen arabera, ba ote da materiarik euskal ikusgarriez osatu egitarau zabal baten osatzeko? Ez. Euskal Herriko ekoizpenez daukadan ezagutzak erakusten dit ezinezkoa dela. Ikusgarri onak badaude Euskal Herrian, baina jadanik denetan ematen dituzte. Eman iezadazu nazioartean ezagutu artista edo konpainien zerrenda bat. Izugarri gutxi dira.

Ez ote litzateke zuen borondateetako bat izan behar nazioarteko hedapenean laguntzea?

Gure nahia da talentua duten artista guztiak laguntzea. Izan daitezen euskaldun ala ez. Gero, zehaztu beharra dut ez dela sartzen Eszena Nazional baten eginkizunetan eskualdeko kulturez interesatzea. Guri interesatzen zaiguna da ikusgarriak ekartzea, Eszena Nazionala gabe ez litzatekeenak etortzen ahalko. Adibide bat emateko, joan den aste osoan La Comedie-Françaiseko tropa ukan dugu. Jakinez, gainera, Euskal Herrian badela egitura bat zeinen eginkizun nagusia hori den, hau da, Euskal Kutur Erakundea. Interesa duen zerbait ikusten dutelarik guri seinalatzeko eskatua diet. Haiekin lan egiten dugu batzuetan. 

Hemen ez da artistarik zuen laguntza merezi duenik?

Nik ez dut epaitzen. Nik ohar bat egiten dut, objektiboa. Baina interpretatzen da, eta arazoak sortu. Nik soilik galdera egiten dut. Zenbat dira ezagutuak nazioartean?

Baina Euskal Herrian...

Bost axola Euskal Herri mailakoaz, ez naiz horretaz ari. Nazioartera doazenak biziki gutxi dira. Horretaz pozten ahal ote gara? Ez.

Zergatik ez dira nazioartean ezagutuak, zure ustez? 

Unibertsaltasunera iristeko borondate bat behar baita. Ez naiz segur beti badagoenik. Irekidura bat behar da. Beren artean egoteko joera bat ikusten dut, eta ez dakit zergatik.

Artistengatik da, beraz? 

Egunero 30 bat koprodukzio eskaera eskuratzen ditut. Haien artean, 30 bat hautatu ditut heldu den urteko. Bat bakarra da euskalduntzat har dezakeguna, jakinez ikusgarri euskaldun bat zer den zuzen, horretan ere ez baitira beti irizpide berak. Bat dut, bakarra baita aurkeztu.

Aipatzen duzu unibertsaltasuna, irekidura. Zer erran nahi duzu horrekin? 

Kontua ez da hori. Kontua da bakarrik proposamen bat ukan dudala. Izanen dira sorkuntzak, baina segur aski ez ditugu sare berak.

Barka berriz galdetzea, baina garrantzitsua izan daiteke: zeri diozu unibertsal?

Konkista zentzuan.

Konkista?

Munduaren konkista. Ikusgarri bat sortzen badut, nahi dut ahal bezainbat jendek ikus dezaten. Ez du interes handirik nire amatxirentzat bakarrik sortzea. 

Talentua aipatu duzu, baina agian, talentutik at, sare, azpiegitura kontu bat ere bada. 

Begira Atxagari. Hori izan daiteke nazioartera zabaldu den artista baten adibide bat. Talentua hor delarik, hedapena aurkitzen da.

Talentu kontu bat da soilik, beraz?

Ez bakarrik. Beste kontu bat: nik egiten dudan oharra egiten dute bestaldeko Viktoria Eugenia, Principal eta Arriagakoek ere. Ezin dela horrela segitu diotela eta, proiektu deialdi bat egitea proposatzen dute. Hori ez da on, nire ustez. Nik erantzun diet ez dudala horrela lan egiten. Egin izan dugu hori EKErekin. Baina ez zuen funtzionatu. Bere artearen bidez bizi nahi duen artista batek egin beharra eginen du ezagutua izateko.

Irizpideak aipatu izan dituzu. Zein dira zure irizpideak?

Irizpide objektiboak. Profesionalak garelarik, gauza batzuk badakizkigu. Taula zuzendaritza ongi egina den ala ez, soinuaren kalitatea, apainketa, edo beste.

Beharbada ez duzu aski ezagutzen euskal kultura? Autokritika txiki bat egiten ahal duzu agian?

Bai, egia da ez diodala denbora aski eskaintzen. Autokritika bera egiten diot neure buruari; are handiagoa, agian, okzitanierazko espresiozko sorkuntzen kasuan. Bretoierazko sorkuntzak ere aipa daitezke... Erranen didate: horietaz bost axola, hemen Euskal Herrian gara... Hori erratea bera bitxi da, halere... Nire lana kultura guztiei irekia izatea da.

«Kultura guztiak» diozu, baina zuen programazioan frantses kultura nonahikoa da. 

Gure antzokia Frantzian da. Bistakoa da. Ni frantsesa naiz. Euskalduna naiz, baina, oroz gainetik, frantsesa. Nire nortasun agiria frantsesa da. Eta Kultura Ministerioa ez da Kultura Ministerio euskalduna. Frantsesa da.

Horrela argi. 

Gonbidatzen zaitut bestaldean gertatzen denari begiratzea eta konparatzea. Ikusteko ea ahalketzerik badugun. Bilboko edo Donostiako antzokien egitarauen oinarri nagusia kultura espainiarra da. Hori horrela da. Eta, alta, haien kasuan, Kultura Ministerio espainolak ez die dirurik ematen. Euskal gobernuak die dirua ematen. Eta Euskadiko Orkestraren programazioa begiratzen dudalarik, barkatu, baina ez ditut usu konpositore euskaldunak ikusten. Alta, euskal konpositoreak jotzeko eta unibertsalki ezagutarazteko sortu zen, hau da, nazioartean zabaltzeko. Baina huts egin dute. Bordeleko orkestrak edo Baionako orkestrak jotzen dutena jotzen dute. Beste galdera bat: Bilbora goazelarik, nora goaz? Guggenheimera. Zer ikusten dugu han? Nazioarteko artisten lanak.

Hautu politikoak dira horiek ere. 

Hautu ekonomikoak dira.

Ez da zerutik erortzen den talentu kontu soil bat. 

Dirurik gabeko kulturarik ez da existitzen. Bistan da ez dela bakarrik arte kontu bat. Flamenkoa aipa dezagun. Zergatik dute gustukoa japoniarrek, adibidez? Profesional batzuek, ikusgarrigintzan ari diren agente batzuek ikusi eta gustukoa ukan dutelako. Pentsatu dute saltzen ahal zela. Komertziala zela. Eta egin beharrak egin dituzte unibertsala bilakarazteko.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia