euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Diasporarekin saretzea helburu: Duela bi urte abiatu zuen Eusko Ikaskuntzak Eusko Diaspora xedea.(from Iparraldeko Hitza)

03/11/2016

Duela bi urte abiatu zuen Eusko Ikaskuntzak Eusko Diaspora xedea. Diasporarekiko harremanentzat bitartekari lana egin nahi du.

Link: Iparraldeko HItza

Iñaki Etxeleku. Mintzaldiak, erakusketak eta, barda bezala, Audrey Hocek diasporan egin lekukotasun bideoen hedatzeak antolatu ditu Eusko Diasporak azken bi urte hauetan. Xede nagusietan dauka ere sortu zuen interneteko ataria:http://www.eusko-diaspora. eus/eu/. Funtsean, aipatu lekukotasun bideoak ikus daitezke gune horretan.

Atal desberdinak ditu atariak. Batak, parada eman nahi dio Euskal Herriko eta diasporako jendeari etxeko aterpearen proposatzeko. Bestea, enpresei, ikasleei eta lan bila dabiltzanei zuzentzen zaie. Atal bat bada ere kultura proiektuentzat. “Ideia zen diasporako jendeak, enpresak eta kultura mailako gauzak elkarri lotzea”, esplikatu du Maialen Zamponi Eusko Ikaskuntza eta Eusko Diasporako langileak; “gu erdian izanez, webgune batekin, jendeak anuntzioak ezar zitzan beste batzuekin harremanen egiteko”.

Couchsurfing-aren gisan, nahi lukete hemengo eta hango jendeak proposa dezan aterpea. Zenbaitek egin dute baina, ororen buru, gutik orainokoan. Etxe trukatzea ere garatu nahi luke gehiago Eusko Diasporak.

Enpresei eta ikasleei zuzendu atalak lan edo ikasterat joateko parada eskaini nahi luke. “Hori egin zen hemengo ikasleak laguntzeko ikastaro bat aurkitzen gehienbat munduan zehar. Baita ere diasporako jendeak honarat etorri nahi bazuen”. Horretarako harremanetan sartu dira Eusko Jaurlaritzaren SPRIrekin, enpresa garapenerako euskal agentziarekin. Enpresen saretzeko eta ekoizpenen mugitzeko gauzak zailago direla dio Zamponik.

Horiek horrela, harreman gehien duten Argentinako Euskal Etxearen inguruan zerbait abiatu da. Camara Enpresaria Vasco-Argentina (Euskal-Argentinar Enpresa Ganbera) sortu zuten iaz euskal jatorriko enpresaburu zenbaitek. “Hitzarmen bat egin dugu haiekin. Horrela eskaintzak baldin badituzte, ezarriko dituzte gure atarian”.

Sail bereko azpi-atal bat atzeman daiteke webgunean: ikerketa proiektuentzat egin atala. Ez da ikerketa xede handirik agertu baina bai informazio eta laguntza eskaerak. “Anitz ziren Baionako enpresa kudeaketa instituzioko ikasleak. Amerika latina hautuzko ikasgaia badute eta anitzek xerkatzen zituzten ikastaroak Argentinan edo Mexikon. Bestek ikastaroa atzemana zuten baina lo egiteko leku bat bilatzen. Horretan lagundu ditugu”.

Diru laguntzen peskizan

2013an abiatu zutenean, Pirinio Atlantikoetako kontseilu orokorrak 20.000 euroko laguntza eman zien. Bami banketxeak, hiru urte hauetan, 10.000 euroko laguntza ematen die urte bakoitz.

Eusko Ikaskuntzako langileak dio baliabide eskasak dituztela web atariaren zinez bizi aratzeko. Zaila zaie, mementoan, webguneko erabilpenaren garapena. Abisu guti da mementoko. Milako bat bisitari kontatzen ditu Eusko Diasporaren atariak hilabetean. Facebook leihoak arrakasta gehiago du, haatik: “Baditugu kasik 1.500 jende segitzen dutenak, izugarri ongi martxan da”.

Atariak eskatuko luke pertsona batek egunero segitzea edukiz bazkatzeko. Horretarako, Lekukotasunak izeneko azpi-atala sortu dute nahi duenak lekukotasun bat eman dezan, hilabetean behin. Azkena, Eneko Xohobigarat baxenabartarrak igorria da, Arkansas estatuko (AEB) Little Rock herrian egin duen egonaldiaz.

Proiektuaren segida, eta lotua zaion lanpostuaren diruztatzea diru laguntzen jarraipenari lotua dela ematen du. Departamendu Kontseiluko gehiengo berriaren erantzunaren igurikan da Eusko Ikaskuntza, baina dudak erakusten ditu Zamponik.

Argentina iparraldean, Misiones eskualdean, kooperazio xedea bazuten abiatua 2014an, gelditu dutena geroztik. “Euskal Etxearekin eta unibertsitatearekin hasi ginen nahi baikenuen enpresa sare bat egin. Baina kontseilu orokorrak galdegin zigun Misionesen egitea eta, Misionesen enpresa guti da eta ez da euskaldun anitzik”. Halere, Euskal Etxearekin harremanetan sarturik, ikusi zuten Guarani komunitatearekin lan egiten zuela. Aitzineko departamenduko gehiengoak kudeatu erakundeari araberako proiektua aurkeztu zioten eta honek eginbeharrak bideratu.

Bi mila euroko laguntza izan zen lehenbizikoa baina bigarrena segidarik gabe gelditu da departamendu hauteskundeen ondotik: “Brisson [Max; jarduneko departamendu presidente gaietan da, Biarritzeko kontseilaria] eta Lasserren [Jean-Jacques, jarduneko departamendu burua da bidaxundarra] gehiengo berria pasatu da eta Lasserrek kooperazio laguntzak oro kendu ditu” esplikatzen du Eusko Ikaskuntzako arduradunak.

Bitartekari zerbitzuaz gain, hitzaldiak antolatu ditu Eusko Diasporak, eztabaida filmatu gaualdi bat egin zuen ere Uztaritzen. Berriki, kolokio bat Euskal Museoan, Baionan, Arteak eta euskal diaspora gaia harturik.

Aste honetan berean, konparazione, La Platako (Argentina) Euskal Etxeko lehendakaria etorri da Euskal Herrira eta hark luzatu galde bati ihardetsi dio Eusko Diasporak. “Badute haur errugbi talde bat. Nahi zituzten BOren koloreak eta izena erabili talde horrentzat (Biarritz Olympique). Berdin egin zuten zango-baloian Bilboko Athleticekin. BOk ez zuen erantzunik eman eta azkenean Baionako Aviron prest agertu da zerbait egiteko”.

Antolatu hitzaldi eta edireite desberdinen karietara, jendea bildu dela ohartu dira, interesa badela diasporaren inguruan. Bizkitartean, horretarako langile baten ordaintzeko departamendu kontseiluaren erantzunaren zain dira jakiteko nola segi, kostu bat baitu Zamponik adierazten duenez: “Diasporarekin lan egiteko hara joan behar da, Euskal Etxeen ikustera, ezagutu behar dira. Webgunea lau hizkuntzetan da eta lan asko da. Enpresen gauza garatzeko behar genuke norbait bakarrik horretan. Gure ideia zen 2016an norbait hartzea enpresa sarea garatzeko”.

Diru laguntzaren menturan da beraz Eusko Ikaskuntza anartean.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia