euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

«Boiseko euskal komunitateari esker etxean bezala sentitzen nahiz hemen» (from El Diario Vasco)

07/13/2024

Nerea Alustiza beasaindarra Estatu Batuetan bizi da 2022 urteaz geroztik

Link: El Diario Vasco

Josu Zabala Barandiaran / Beasain. Nerea Alustiza Escaño beasaindarrak Estatu Batuetarako bideari ekin zion duela bi urte, nahiz eta bere benetako bidaia 2019an hasi zen. 2022. urtetik, Boisen bizi da bere senar eta haurrarekin, eta bere esperientzia gertutik ezagutzeko aukera eman digu hurrengo elkarrizketan.

–Aurkeztu zure burua. Ikasketak, aurretik atzerrian izandako esperientzia...

–Nerea naiz eta 28 urte ditut. Txikitatik gustatu izan zaizkit haurrak eta ondorioz, Haur Hezkuntzako gradua ikasi nuen Donostian. Ikasketak bukatu ostean, Australiara joan nintzen 5 hilabetez bertan bizi eta esperientzia berri bat bizitzera. Bertan nengoela, Zelanda Berrira, Indonesiara eta Vietnamera bidaiatzeko aprobetxatu nuen. Horretaz gain, Kuban, Perun eta Tailandian ere egonda nago oporretan. Esan daiteke bidaiatzea maite dudala!

«Anaia bisitatzera etorri nintzen hasieran baina gero maitasunak ekarri ninduen hona»

–Non zaude une honetan? Zerk eraman zaitu hara?

–Une honetan, Estatu Batuetan bizi naiz. Boisen, hain zuzen ere. Istorio luzea bada ere, laburbilduz maitasunak ekarri nauela esan genezake.

–Zergatik erabaki zenuen hara bidaiatzea?

–Lehenengo aldiz duela 5 urte etorri nintzen hona, anaia bisitatzera. Boiseko Ikastolan irakasle lanetan zebilen eta gurasoekin bera bisitatzera etorri nintzen. Horrela egun nire senarra dena ezagutu nuen. Ez nuen espero. Australiatik itzuli berria nintzen eta dirurik ez nuen bidaia hori egiteko. Gurasoek beraiek ordainduko zutela esan zidaten eta begira, eskerrak horri!

–Zenbat denbora daramazu Beasaindik urrun?

–2019an bikotekidea ezagutu ondoren, joan-etorrian ibili ginen. Baina 2022ko irailean etorri nintzen ofizialki Boisen bizitzera, Boiseko Ikastolan lana lortzeari esker, ez baita erraza bisa kontuekin Estatu Batuetara etortzea.

–Nola da zure herritik urrun bizitzea? Ondo konpontzen zara?

–Galdera zaila. Desberdina da, hori seguru. Baina ondo konpontzen naiz. Asko gustatzen zait orain lana egiten dudan eskola, baldintzak oso onak dira. Hiria ere zoragarria da. Parkez inguraturik dago, erreka zabal batek zeharkatzen du, mendia ere bertan da... Natura zalea bazara, leku ederra da bizitzeko.

–Erraza al da hemen zure ingurukoekin harremanetan egotea? Norekin eta nola egiten mantentzen duzu harremana?

–Gurasoekin hitz egiten dut gehien. Ia egunero esango nuke. Txakurra paseatzen dudanean egiten dugu bideodeia. Lagunekin ere saiatzen naiz, baina zailagoa izaten da. Ordu aldaketa dela eta, ez da oso erraza izaten. Astean zehar Euskal Herrian lana bukatu duzuenean, hemen lanean ari gara. Asteburuan, gu hemen jaikitzean izaten da aukera bakarra, horren ostean Euskal Herrian lagunak eta familia kalera irteten baitira zerbait hartu eta afaltzera.

–Zaila egin zitzaizun zure herria uztea?

–Ez. Denbora asko itxaron behar izan nuen Estatu Batuetara etortzeko bisa lortzeko, eta lortu nuenean etortzeko desiratzen nengoen. Hala ere, familia eta lagunei agur esatea zaila izan zen noski, banekien eta denbora luzerako etorriko nintzela.

–Badago egunerokotasunean Beasain gogorarazten dizun zerbait? Objektu bat, pertsona, tradizio bat, leku konkretu bat?

–Estatu Batuetan egon arren, euskal komunitate haundi bat du Boisek, eta horrek nolabait 'etxean bezala' sentiarazten laguntzen du. Euskal etxea, frontoia, euskal dantzak, euskal taberna batzuk.... Baita euskara hizkuntza ere.

–Zeren falta sumatzen duzun gehien? Zergatik?

–Amatxoren janaria! (barre artean) Familia, lagunak eta bertako giroa botatzen ditut faltan. Hemen bizi estiloa desberdina da, eta ostiraletan lanetik irten eta lagunekin trago bat hartzea faltan botatzen dut.

–Pintxopotea, Beasaingo klasiko bat, hemen sozializatzeko dugun modu bat... Non sozializatzen da bertan?

–Lehen esan dudan bezala, hemengo bizimodua desberdina da. Hemen askotan etxeetan elkartzen gara (etxe guztiek dute bere zelaia). Han baino askoz ere garestiagoa izateak ere badu zerikusia honetan, hemen garagardo batek 7 dolar edo ardo batek 10 dolar kosta ditzake eta. Hala ere, bertako euskal etxeak hilabetean behin afari bat antolatzen du eta modu polita izaten da bertakoekin elkartzeko.

–Beasainek eskaintzen ez dizun zer aurki dezakezu zure bizilekuan?

–Natura. Lehen aipatu bezala mendiz, errekaz eta lakuz inguratuta dago Boise. Orokorrean Idaho estatu osoa dago naturaz inguraturik. Bertako baso eta lakuak zoragarriak dira. Horretaz gain, Ameriketako Parke Nazionalek maiteminduta naukate. Zoragarriak dira denak. Paisaiak ikaragarriak dira, eta Euskal Herriak ez ditugun animalia ugari ikusteko aukera ere badago: hartzak, bisonteak, koioteak...

–Aukeratu ahal izango bazenu, itzuliko al zinateke orain Beasainera bizitzera? Eta etorkizunean?

–Denetan galderarik zailena da hau. Oraintxe bertan ez, familia izan berri dugu eta orain hemen geratuko gara pixka batean. Baina bai, etorkizunean itzultzeko asmoa dugu. Gure haurrak aiton-amonez gozatzea nahi dugu (eta alderantziz, noski), Iritsiko da momentua.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia