euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Bi hilabete pasatxo joan dira Daniako frontoia itxi zutenetik: Eguzki izpiak hodei artean (from Berria)

02/15/2022

Bi hilabete pasatxo joan dira Daniako frontoia itxi eta Euskal Herriko makina bat puntistak etxera itzuli behar izan zutenetik. Bizimodu berrira egokitzen ari dira. Oso eskertuta daude, ikusi baitute ahalegina egiten ari dela zesta-puntak ikusgarritasuna izan dezan.

Link: Berria

Julen Etxeberria biltzaile

«Hau ez da irtenbidea, gauzak ondo egiten hasteko abiapuntua baizik»

Xabi Barandika Puntista

 Sentipen «gazi-gozoa» dauka Xabi Barandikak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990): «Pozgarria da berriz etxean egotea, baina ez da guk nahi genuen zerbait. Daniako pilotalekua itxi dutelako itzuli gara Euskal Herrira. Ez bazuten itxi, han egongo ginen, gutxienez, datorren urtera arte, ordu arte baikenuen kontratua. Guretzat itzela zen AEBetan zesta-puntan jokatzeaz bizitzea. Ametsa betetzea zen. Eta nik sei urte egin ditut gehien gustatzen zaidanaz bizitzen. Gogorra da pentsatzea ez dugula berriro halakorik egingo. Gogorra da ametsa bizitzen egon eta bat-batean errealitatearekin tupust egitea».

«Goitik behera» aldatu zaio bizitza, eta horrek «ezinegona eta zalantzak» eragin dizkio: «Hasieran, denbora bat hartu nuen burua lasaitzeko, baina jada bi hilabete pasatu dira, eta erabakiak hartu behar dira. Erabakia dut: ikasi egingo dut datorren ikasturtean. Ingeniaritza Teknikoa ikasi nuen bere garaian, baina utzi egin nuen, AEBetara joateko. Birziklatu egin beharko naiz. Ez dakit nola moldatuko naizen berriz zenbaki artean».

«Pixkanaka-pixkanaka» ari da eguneroko berrira ohitzen. Kirola egiten pasatzen du ia egun osoa: «Beti gustatu izan zait ikaragarri kirola egitea, eta, orain ere, hala nabil, kirol pila egiten. Goizean gimnasiora joaten naiz, edo korri egiten dut, edo padelean jokatu. Arratsaldean, berriz, zesta-puntan aritzen naiz buru-belarri. Bete-betea dut astea astelehenetik barikura».

EITBk antolatutako Winter Series txapelketa jokatzen ari da, Unai Lekerikabeaskoa herrikidearekin. «Oso gustura» ari da, eta «oso eskertuta» dago EITBk halako txapelketa bat martxan jarri duelako: «Agerikoa da laguntzeko asmoa dagoela, eta eskertzekoa da ahalegina». «Baina» bakarra jarri dio txapelketari: «Nik uste dut joka zitekeela beste bi bikote gehiagorekin, eta puntista gazteak sartu, aurpegi berriak. Haiek ere merezi dute jokatzea».

«Gozatzen» ari da herriko frontoia beteta ikusita —800 ikusle izan ziren atzo, eta 200 kalean geratu ziren—: «Hasieran, esan ziguten asteleheneko jaialdia ateak itxita jokatuko zela, eta hala esan genien gertukoei. Azken orduan jakin genuen ikusleak sar zitezkeela, sarrerarik ordaindu gabe. Ez genuen denborarik izan gertuko guztiei abisatzeko, eta, hala ere, 400 ikusle izan ziren astelehen buruzuri batean. Ziur ginen hurrengoan halako bi etorriko zirela. Eta halaxe izan da. Sekulakoa da horrenbeste jenderen aurrean jokatzea».

Hala ere, ez du uste hori denik irtenbidea. «Hau ez da irtenbidea, gauzak ondo egiten hasteko abiapuntua baizik. Udako sasoia luzatzeko modua izan daiteke, baina asko falta da oraindik urte osoa betetzeko».

«Gogor ari naiz lanean txapelketaren bat jokatzeko aukera izateko»

Johan Sorozabal Puntista

Johan Sorozabalekin (Miarritze, Lapurdi, 2002) hizketan hasi eta berehala nabari zaio oraindik ez zaiola sendatu itzuli behar izateak eragindako mina. «Sekulako kolpea izan zen. Pena handia dut», dio behin baino gehiagotan. Bi urte bakarrik iraun zuen haren abenturak, baita Gorka anaiarenak ere. Oso urrun geratu dira biak haien aita Laurentek AEBetan egindako kirol ibilbide luzetik: hamarkada luze bat egin zuen, Milforden eta Bridgeporten. Haren istorio zirraragarriek katigatu zituzten bi anaiak: «Txikitako ametsa zen AEBetan jokatzea, eta, zorionez, bete egin genuen ametsa. Baina, zoritxarrez, nahi baino askoz lehenago bukatu da. Oso gogorra izan da bueltatu behar izatea. Ez genuen nahi. Izugarri gustura ginen, eta urte askoan jokatu nahi genuen han. AEBetan profesionalak ginen, dirua irabazten genuen jokatzeagatik. Hemen, ordea, ez».

«Sekulako aldaketa» izan du haien bizitzak: «Han, elkarrekin bizi ginen anaia eta biok, eta, orain, gurasoekin bizi gara. Alde handia dago. Askatasun txikiagoa dugu». Hala ere, segituan nabarmendu du «izugarri» eskertu dutela «etxekoen eta lagunen babesa» kolpeari aurre egiteko. «Ondo gaude. Familia eta lagunak ditugu ondoan, eta etxetik gertu dugu Miarritzeko pilotalekua, entseatzeko. Arratsaldean aritzen gara bertan. Goizean, berriz, ikasi egiten dut, Batxilergoa, online, Baionako Unibertsitatean».

Ez da jokatzen ari Winter Series txapelketa, baina «gogor» ari da lanean «aukeraren bat» izateko: «Inbidia pasatzen dut haiek ikusita. Sekulako ilusioa egingo lidake haiekin jokatzeak». Gernika-Lumoko pilotalekura joan da partidak ikustera, eta «izugarri gozatu» du: «Danian, azkenerako, oso jende gutxiren aurrean jokatzen genuen; dozena bat eskas ikusle egoten ziren harmailan. Hemen, ordea, jendetza joaten da frontoira. Oso bestelakoa da kirol kultura: Danian, apustu egiteko zenbaki bat besterik ez ginen. Hemen, ordea, zaleek puntisten izenak ezagutzen dituzte: Goikoetxea, Lopez... Jokoari ere erreparatzen diote. Plazera da halako ikusleen aurrean jokatzea: zure onena ematera eramaten zaituzte. Ea laster jokatzeko aukeraren bat dudan. Horretarako ari naiz lanean».

«Pozik» dago, ikusten baitu «ahalegina» egiten ari dela zesta-puntari «bultzada bat» emateko: «Gogoa dago gauzak egiteko. Helburua izan behar da urte osoko egutegi txukun bat osatzea, eta ahalik eta jokalari gehienek parte hartzea. Nik uste dut egin daitekeela». Itxaropentsu dago: «Hasieran, ilun ikusten genuen dena, baina argia ikusten hasi gara».

«Aukera ederra zegoela genioen, eta aukera aprobetxatzen ari dira»

Ibon Aldazabal Puntista

 Danian hamarkada luze bat egin ostean itzuli da Euskal Herrira Ibon Aldazabal (Berriatua, Bizkaia, 1987). AEBetan ari ziren beste euskal puntisten aldean, hark frontoiaren itxieraren berri izan aurretik erabaki zuen etxera itzultzea. «Mesede» egin diola dio: «Denbora izan nuen aldaketari nola aurre egin pentsatzeko».

Bi hilabete pasatxo daramatza Euskal Herrian, eta «oso gustura» dabil: «Etxera itzuli naizen sentsazioa dut, eta sentipen oso polita da hori. Asko betetzen nau». Herriminak jota zegoen: «Lehen urteetan, asko bidaiatzeko aprobetxatu nuen, baina gero eta herrimin handiagoa nuen». «Irrikan» zegoen gertukoenekin egoteko. Pandemia dela eta, denbora mordoa egin zuen Euskal Herrira bisitan etorri gabe: «Bakardade sentsazioa izan dut sarritan, eta sentipen hori desagertu egin da hona etorri bezain laster. Bikotekidearekin bizitzen hasi naiz, oso gertu dut familia... Oso-oso gustura nago».

«Goitik behera» aldatu zaio egunerokoa, baina «oso gustura» dabil: «Goizean, brikolajearekin eta motorrarekin zerikusia duten lanak egiten ditut. Batetik, lagun batek autoak saldu eta erosteko tailer bat du, eta hari laguntzen diot, autoak Madrildik ekarrita. Bestetik, furgoneta bat prestatzen ari naiz, bikotekidearekin bidaiatzeko. Horrez gain, sasoi betean egoteko lanak egiten ditut: gimnasioan aritu, korri egin, eta bizikletan ibili. Arratsaldeak, berriz, zestara bideratzen ditut: entseatu, jokatu... Badakit ez dela benetako eguneroko bat: ez dut ez lan, ez ordutegi finkorik. Ezin dut, oraindik tramite batzuk egin behar baititut AEBetan, eta horiek amaitu arte ezin baitut lan finko batean hasi. Horiek egindakoan amaituko dut betirako AEBetako aldia».

«Ilusio handiz» ikusten ari da zesta-puntari ikusgarritasuna emateko etxean egiten ari diren ahalegina: «ETB erabat murgildu da produktua hobetzeko saltzeko, zesta-punta publiko berri bati zabaltzeko, eta gu ezagutarazteko. Gauza politak egiten ari dira, berriak, eta horrek ilusioa piztu digu. Danian ari ginen puntista asko bueltatuta, zerbait egiteko aukera ederra zegoela genioen, eta, oraingoz, aukera aprobetxatzen ari dira. Albiste oso ona da».

Gozatzen ari da Winter Series txapelketan—hark eta Beaskoetxeak 15-12 eta 15-7 galdu zuten atzo haren anaia Aimarren eta Goikoetxearen aurka—: «Denbora asko ez zegoela horrenbeste jende frontoian zesta-punta ikusten. Ikusleek gure ahalegina eskertzen dute, eta guk haien animoak. Horrek duguna baino gehiago ematera eramaten gaitu. Gozamena da».



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia