euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

'Basques in Australia' erakusketak Australiako diasporaren historia ekarriko du Arrigorriagara (from Geuria)

08/26/2024

Urriaren 1etik 13ra antolatu dute argazki-erakusketa, Arrigorriagako udaletxeko Euskaldun Berria erakusketa-gelan

Link: Geuria

Jon Goikouria Larrabeiti. Zarauzko Photomuseum – argazki & Zinema museoak australiara emigratu zuten gizon eta emakumeen historia ekarriko du, ‘Basques in Australia’ izeneko argazki-erakusketa ibiltari formatuan, Arrigorriagako udaletxeko Euskaldun Berria erakusketa gelara. Argazkiak urriaren 1etik 13ra ikusi ahal izango dira: astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00ak arte eta igandeetan 12:00etatik 14:00ak arte.

“Erakusketak Australiako diaspora hurbiltzen digu. Irudi bakoitzak Australiara emigratu zuten gizon eta emaku-
meen historia komun eta, aldi berean, pribatua irudikatzen du”, azaldu dute antolakuntzatik. “Bizitza baten zatiak. Ibilaldi bizi eta hunkigarria dozenaka argazkitan zehar”.

Esther Korta, 2018an sortutako Euskal Australiar Elkarteko idazkaria da “Basques in Australia” erakusketa ibiltariaren komisarioa izan da Zarautzen eta erakusketaren inguruko hitzaldiak eskaini ditu. Izan ere, Korta Australiara joandako kanabera-moztaileen alaba eta iloba da. Aita beste hiru anai-arrebarekin joan zen bertara, eta zazpi urte eman zituen. Bertara zihoazen pertsonen istoriak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Kortak.

Bizitza oso bateko bidaia

Hilabete baino gehiago irauten zuten bidaietan joaten ziren itsasontziz. Gehienak Italiatik abiatzen ziren Melbournera, Brisbanera… eta handik North Queenslandera zuzentzen ziren; batez ere, Ingham eta Ayr-era. 50. hamarkadan zenbait “operazio” egin ziren, hala nola “Kanguro Operazioa”, “Eukaliptus operazioa”, “Emu operazioa”, “Karry operazioa” eta” Torres operazioa”. Horrela izendatu ziren 1958 eta 1960 bitartean Euskal Herritik Australiara egindako bost irteera-operazio handienak.

“Kanguro”, “Eukaliptus”, “Emu”, “Karry” eta” Torres” izan ziren 1958 eta 1960 bitartean Euskal Herritik Australiara egindako bost irteera-operazio handienak

Australiak eskulana bilatzen zuen. Lehenengo bi operazioetan 160 gizon inguru joan ziren bidaia bakoitzean; hirugarrenean, “Monte Udala” ontziak laurehun pertsona baino gehiago eraman zituen, horien artean 55 bikote, 77 haur eta 214 mutil gazte. Gehienak bizkaitarrak ziren, gainerakoak nafarrak, gipuzkoarrak, Santanderrekoak eta Burgosekoak.

Emakumeek ere emigratu zuten, horietariko asko “Marta plana” deiturikoan joan ziren. “Emaztegaien hegazkinak” eramandakoak etxeko langileak, ezkongabeak eta katolikoak ziren batik bat. “Marta plana” Australia eta Espainiako gobernuen arteko migrazio-akordioa zen, Eliza Katolikoak babestukoa. “Marta” gazteek Australiak eskainitako bizitza hobearekin amets egiten zuten.

Euskaldunak Australian hainbat lanetan aritu ziren, esaterako kanaberak mozten matxeteaz. Benetan lan gogorra zen berau; eguzkiaren bero kiskalgarripean, eltxoak, azukrearen melaza gorputzean eta izerditan blai. Kanabera tonak mozten zituzten bagoietan kargatzeko, eta horretarako, gainera, errailak jarri behar izaten zituzten aurrera egin ahala. Dena eskuz.

Kanabera mozketa ekainetik abendura bitartean izaten zen, hurrengo denboraldia hasi arte tabako hostoa biltzera joaten ziren, beste batzuk frutak biltzera edota eraikuntzan lan egitera.

Aisialdia familian edo lagunartean ematen zuten, hoteletan elkartu eta garagardoa edanez, berriketan edo lagunekin dantzan. Euskal hizkuntza eta kultura bizirik mantendu dituzte, eta euskal dantza eta kirol taldeak eta elkarteak sortu zituzten.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia