euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Barkos Lehendakaria bi Nafarroen artean proiektu eta ekimen komunak sustatzearen alde agertu da Baigorrin (Navarra.es-en)

10/25/2016

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek Bi Nafarroen Mintegiko XII. edizioan esku hartu du gaur goizean. Nafarroa Behereko Baigorriko Bil Etxe aretoan egin da, eta bertan azpimarratu du "gure bi lurraldeen artean proiektu eta ekimen komunak sustatzeko interesa dagoela, eta alor zehatz batzuetan gauzatu daitekeela: larrialdi-zerbitzuen koordinazioan, neguko bidezaintzako koordinazioan, turismo-garapenekoan edo kirol-arloan bereziki, eta baita oso interesgarriak eta berritzaileak diren POCTEFA proiektuetan ere".

Link: Navarra.es

Bere agerraldian, Barkos Lehendakariak aipatu duenez, Bi Nafarroen Mintegiak hamabi urteko tradizioa du, "eta foro honek sendotu egin nahi ditu Nafarroaren errealitatea, Pirinioen alde batean eta bestean, partekatzen dugunon arteko giza harremanak eta harreman sozialak". Gainera, Baigorriko Udalari eta bertako alkateari eskerrak eman dizkie "bilera hau hartzeko erakutsitako eskuzabaltasunagatik, eta jardunaldi erakargarri bat gozatzeko aukera hau eskaintzeagatik; izan ere, honen helburua gure historiaren eta kulturaren alderdi aipagarrienak ezagutaraztea da, eta esperientziak, iritziak partekatzea".

Mintegian jorratutako gaien artean, Uxue Barkosek gogora ekarri duen moduan, Nafarroako emigrazioari buruzko hitzaldi bat izan da, "gure historiako funtsezko une batzuetan indar handiz errepikatu den fenomenoa, eta duela gutxi arte ez dena aztertzen hasi eta, beraz, ez dena behar bezala kontuan hartu: gure lurraren historia komunaren oinarrizko kapitulu bat. Ekarpen hau oso aproposa dela uste dut gure lur honetan dagoen proiektuarekin bat egitean Euskal Diasporaren ezagutza aztertu eta sustatuko duen zentro bat ezartze aldera".

"Bilera hau mendiko udalerri batean egin dugu, Baigorrin, eta horrek hausnarketarako bidea eman behar digu gure tradizioaren, egungo errealitatearen funtsezko zatia osatzen duten nukleo txiki horien jarduera eta biztanleak mantentzea zer garrantzitsua den jabetu gaitezen; haien alde gure esku dagoen guztia egiten jarraitu behar dugu etorkizunean ahalik eta baldintza egokienetan bizirik jarrai dezaten", esan du aurreago Barkos Lehendakariak. "Horretarako, haien jarduera sustatzeko politikak bultzatzen jarraitu behar da: jarduera ekonomikoa, nekazaritza, abeltzaintza, artisautzako produktuak egin eta eraldatzea, landaturismoa etxe eta hotelen bitartez eta, gainera, komunikazio, osasun, hezkuntza eta beste alor batzuetako oinarrizko zerbitzuak bermatu behar ditugu. Hala, gure lurraldeak kohesionatutako komunitateak izango dira, aurrera egiteko gaitasunarekin, ekonomikoki eta sozialki aurrera egiteko. Elkarrekin egin beharreko helburua izan behar du, eta zeregin horretan elkarrekin lan egin behar dugu, esperientziak trukatuz eta bi Nafarroen administrazio publikoek, enpresek eta biztanleek baterako ekintzak eginez".

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Lehendakariak "erakunde publikoetako arduradunei eta bereziki bi Nafarroenekimen sozialetako elkarte eta erakundeei" ondorengoa eskatu die: "Ideiak eta proiektuak bidera ditzatela jarrera partekatu honek Europa osoko toki estrategiko batean eskaini ditzakeen aukera ugariak aprobetxatzeko".

Programa

Programa 10:15ean hasi da Baigorriko alkate Jean-Michel Coscarat-en hitz batzuekin. Jarraian, hiru hitzaldi izan dira: lehenengoa, "Nafarroa Behereko neolitikoa eta haren Pirinioetako testuingurua", Euskal Herriko Unibertsitatean Arkeologian doktore den Pablo Martinicorenaren eskutik. Jarraian, bertaratuek "Nafarroa: emigrazio-lurra" izeneko hitzaldia eman du Sagrario Anautek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Departamentuko irakasle-ikertzaileak. Azkenik, Renoko (Nevada) Unibertsitateko Historia Garaikideko doktore den Argitxu Camus-Etxekopar-ek honako gai hau jorratu du: "Euskal kapilauek Estatu Batuetan izandako eginkizuna".

Hitzaldien ondoren, ekitaldi instituzional bat egin da, eta bertan, Barkos Lehendakariaz gain, honako hauek parte hartu dute: Pirinio Atlantikoetako lehendakariorde Max Brisson; Jean-Michel Coscarat, Baigorriko alkatea; "Etxauzia" elkarteko idazkari Antton Curutchgarry eta Nafarroa Zaharreko Lagunen elkarteko lehendakari Louis Gentien.

Programa Baigorriko San Esteban elizan zehar egindako bisitarekin osatu da; bertan egindako zaharberritze-proiektua azaldu dute, eta organo-errezitaldi bat ere entzun ahal izan da.

Esperientziak partekatzea

Gogora ekarri behar da bi Nafarroen Mintegia 2005. urteaz geroztik urtero egiten den kultur hitzordu bat dela, eta txandaka ospatzen dela: urte batean Frantziako Nafarroan, eta bestean, Espainiakoan. Bi lurraldeetako kultur instituzio eta erakundeen artean ezagutzak, esperientziak eta proiektuak partekatzea du xede.

Nafarroako Gobernuak sustatzen du, Nafarroa Behereko udalerri nagusiekin eta hainbat kultur erakunderekin batera, Nafarroa Zaharreko Lagunen elkartearekin esaterako, Donibane Garazin egoitza duena (Nafarroa Behereko hiriburua).



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia