euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Azken dantzaren azken notak: Manex Pagola zendu da (from Berria)

06/08/2018

Aitzindari izan da kantugintzan, eta haren kantu anitz herrikoi bihurtu dira. «Beti mugimenduan» zen gizon baten gisan gogoratzen dute lagunek

Link: Berria

Nora Arbelbide LeteAzken dantza hau kantua 1965ean idatzi zuen Manex Pagolak (Landibarre, Nafarroa Beherea, 1941 - Urketa, Lapurdi, 2018). Aljeriako bidea hartu aitzin. Hara bidali zuten bi urtez armadakoek, kooperazioa egitera, irakasle gisa. Ez zuen joateko batere gogorik, ordea. Bazekiela zer uzten zuen, eta, gerla berriki bururatua izanik, han aurkituko zuenaz «beldur» zela, Manex Pagola, Bere kantagintza eta argibide zonbait (1958-2015) liburuan (Elkar) aurki daitekeenez. Bere lehen kantuetako bat izan zen Azken dantza hau. Peio Ospital eta Pantxoa Karrere kantariek egin zioten bereziki ezagun, beste kantu andana baten artean.

Ehun kantu baino gehiago idatzi ditu orotara Manex Pagolak, bizi oso baten lekuko. Atzo bururatu zitzaiona, 77 urtetan, osagarri arazo batzuen ondorioz: «Bururaino sekulako kemena ukan du, eta hori goresgarria da», azpimarratu du haurtzarotik adiskide zuen Gexan Alfaro idazle eta kantu egileak. Astelehenean ehortziko dute, Urketako elizan, 15:00ean. Bisitatu daiteke bihar, etzi eta astelehen goizean Ahurtiko beilatokian.

Kantari eta kantu sortzailea zen, eta Seaskaren sortzean parte hartu zuen, baita Gure Irratian, Elkarren eta Euskal Herriko Artistak elkartean ere. Antropologiako doktore zen, eta Euskaltzaindiak orain gutxi izendatu zuen ohorezko euskaltzain. Zerrenda luzea da Pagolarena. Politikan ere bide luzea ukan zuen. Hasteko, Enbata mugimenduan, eta, ondotik, luzaz Eusko Alkartasuna alderdiko Ipar Euskal Herriko arduradun.

«Beti mugimenduan, beti ari zen bilatzen zer egiten ahal zen gehiago. Beti bazituen ideia berriak. Beti nahi zituen gauza berriak egin, baita bururaino eraman ere, izan dadin kultura mailan eta izan dadin politikan ere», gogoratzen du Patxika Erramuzpe kantariak.

Anitz bultzatu zuen Pagolak Erramuzpe, kanta zezan, graba zezan eta taula gainera igan zedin. XX. mendeko 70eko hamarkada hasierako Zazpiribai eta Ortziken euskal kantagintza berriaren bi ikusgarrien eramaile izan zen Pagola. «Eman dio sekulako berrikuntza eta sustaldia euskal kantugintzari. Mixel Labegeriek hasi zuen, baina Manex ere 1963rako hasia zen kantu egiten», zehaztu du Alfarok. Berritzaile eta, aldi berean, «herrikoi». Horrekin denak bat datoz. «Kantu zahar batzuk bezala errepikatzen dira haren kantuak, biziki gogotik, eta horrek egiten digu plazerik handiena. Herriko kantu zaharretan zituen bere oinarriak. Egin dituen aire berri guztiak biziki aire ederrak dira, errazki errepikatzekoak, baita ikastekoak ere. Eta hor zinez markatu du ildo bat aipagarria». Horren lekuko, gaur egun ere haren kantuak anitz kantatzen direla gaineratu du Alfarok, «Baionatik Bilboraino».

Eñaut BidegorriIrrintzina, edo Urtxintxa, adibide. Guztiek badute esplikazio zehatz bat, baina, gero, entzule bakoitzak bereganatua du. Eñaut Bidegorri gazte gazterik hil zen anaia zenari eskainia dio. Urtxintxa Baionako ikastolako sorrerari lotua da. 1968an, haurrek laster maitatuko zuten kantu bat idatzi nahian zebilela esplikatzen du liburuan. «Euskaldun haurren eredu gisa hartuz abere pollit, maitagarri eta bizi-bizi bat. Nahi nuen ere kantu hori izan zedin ikastolen lana goratzeko, publizitate marka bat bezala».

Libertatea eta aberria. Euskal Herria. Gai horiek ere agertzen dira usu haren kantuetan. Txikitatik, etxetik, elizatik bildu bazuen kantuaren maitasuna, franko fite ohartu zen Euskal Herriaren alde egin nahi zuela ere. Badu horri lotu anekdota bat Josu Martinez filmegile eta ikerlariak. Euskarazko lehen filma izan zen Gure Sor Lekua (1956) lanaren bila zebilela —gerora Gure Sor Lekuaren biladokumentalean azaldu duena—, Manex Pagola izan zen film hura euskaraz zela baieztatu zioten lekukoetako bat. Hazparneko zineman ikusi zuen Pagolak, oraino haurra zela. «Errebelazio bat izan zen harentzat. Garai hartako Landibarreko mutiko batek, ingurune erdaldun batean, ikustea zineman euskaraz mintzo zirela, baita behi pare bat ere pantailan». Pagolak berak honela kontatzen du anekdota Martinezen dokumentalean: «Ikusi nuen behi pare bat, eta horrek zazt egin zidan; gure etxeri pentsatu nuen». Gero, euskal museoan zuzendari zela, saiakera bat ere egin zuen filma eta soinua aurkitzeko, baina ez zuen lortu.

Pagolak 1996an idatzi tesia ere gogoan du Martinezek. Culture basque et urbanisation à Hasparren (Euskal kultura eta urbanizazioa Hazparnen) tesia gustura irakurri zuen ikerlariak. «Oso modernoa» egin zitzaiola dio, gogoeta interesgarriekin, eta elizarekin kritiko.

Kasik apez egin zen Pagola. Baina seminariotik kanporatu zuten. Horretaz ongi oroit da Alfaro. 1951z geroztik, hamar urte betez geroztik elkarrekin kausitu ziren hainbat ikastetxetan. Eta 25 bat urte zituztela Baionako seminario handian ere elkarrekin ziren. Baina orduan lehertu zen beren aldarrikapena. Euskaltzaletuak ziren orduko, eta aspalditik eskatzen zuten Euskal Herriko apez izatea eta euskarazko formakuntza bat izatea. Baina «ideia horiek ez ziren onargarriak», dio Alfarok. 1967an kanporatu zuten seminariotik Pagola. Aste baten buruan bere deskargua eman zuen Alfarok. Hortik laster bota zituzten Beñat Sarasola eta Joanes Borda ere, laukoteko beste bi adiskideak.

Orduko Enbataren garaia ere bazen. Eta Enbataren barnean ere Pagola aktibo izan zela gogoan du Jean-Claude Larronde ikerlariak. Enbata mugimenduko ikasle gazteen arduradunetako bat izan zen. Ikasle izeneko aldizkaria koordinatzen zuen Euskal Herritik kanpo ikasten ari ziren ikasleentzat, ikasleak federatzeko asmoz.

Euskaltzaletasun hori nola sortu zitzaion aipatzen du Bere kantagintza eta argibide zonbait liburuan Pagolak berak, lehen pertsonan. Bada anekdota bat kontatzen duena, aski adierazgarria. 12 urte zituela, Hazparneko kolegioan bi haur hurbildu zitzaizkion. «Tu veux un marron?», galdetu zioten. Pagolak, baietz. Marrongaztaina da euskaraz, eta gaztainak maite Pagolak. Baina laster ulertu zuen frantsesez hitz horrek bigarren zentzua bazuela. Bi haurrek muturrekoa eman baitzioten. Marron hori ere bai baita.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia