euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Aurten inoiz baino ozenago iritsi da Boisetik (Idaho, AEB) festaren oihartzuna Euskal Herrira.(from Berria)

07/29/2015

Aurten inoiz baino ozenago iritsi da Boisetik (Idaho, AEB) festaren oihartzuna Euskal Herrira. Elkarri eraginez, lotura estua mantentzen dute bi herrialdeek, batzen dituzten sustraiei helduz: euskal kultura eta euskal nortasuna. Euzkaldunak Euskal Etxeko kideek bost urtetik behin antolatzen dute Jaialdia. 2010ean 45.000 lagun inguru bertaratu ziren eta aurten zifra hori gainditzea espero dute. Mundu osoko jendea erakartzen duen hitzordua bost urtez behin izan ohi bada ere, Jaialdia urtero-urtero ospatzen dute San Inazio egunean.

Link: Berria

Jone Amunarriz. Uztailaren 28tik abuztuaren 2ra, bor-borka egongo da euskal kulturaren lapikoa Boisen: dantza, kirola, musika, erakusketak, bisitak, kantaldiak, hitzaldiak, emanaldiak, gastronomia... eta beste hamaika osagaiekin. Euskal Herriko artista ugarik hartuko dute parte: Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkartea, Soraluzeko The Crazy Wheels Band, Durangoko Luhartz Erromeria Taldea, Donostiako Irrintzi Erraldoi Konpartsa Kultur Elkartea, eta Xabi Paia eta Nerea Ibarzabal bertsolari bizkaitarrak.

“Loturak estutzearen” garrantziaz

Gaur iritsi da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Boisera. Munduko hainbat lekutatikJaialdira joandakoek eta bertako hainbat ordezkarik eta antolatzailek harrera egin diete aireportuan Jaurlaritzako ordezkaritzari; Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Asier Vallejo Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaria ere bertan dira.

Harremanen garrantzia azpimarratu du Urkulluk lehen adierazpenetan: "Ekonomia, politika, gizarte eta kultura arloan loturak estutzeko balio behar digu euskal nortasunaren sentimenduak". "Diasporizazioa" euskal gizartearen "internalizazioa" dela eta eta prozesu horretan loturak estutzea "ezinbestekoa" dela gehitu du. "Mundura irteten diren euskaldunek hemen etxe bat daukate".

C.L. 'Butch' Otter Idahoko gobernadorearekin bilera izango du gaur. Bieter alkatearekin ere bilduko da eta, 30 enpresa ingururekin jardunaldia izango du egunaren amaieran. Hurrengo egunetan ere hainbat bilera instituzional, politiko, ekonomiko eta kultural egingo dituzte, “euskal diasporaren eta Euskadiren arteko harremana” indartzeko helburuarekin.

Komunitatea auzolanean

Estatu Batuetako komunitaterik handienen artean kokatzen da Idahon euskaldunek osatzen dutena. XIX. mendearen erdialdean hasi ziren euskaldunak Idaho ingurura joaten, gehienak artzain lanak egitera. 60. hamarkadara arte jende ugari mugitu zen bertara bizitzera. Jaialdia lehen aldiz antolatu zutenetik hogeita zortzi urte bete dira aurten. 1987an ospatu zuten lehena, bertako jendeari euskal kultura erakustea helburu zutelarik; 30.000 bisitari inguru bertaratu zirela kalkulatzen dute. Hiru urte barru, bigarren ospakizun bat antolatu zuten, Idahoren urteurrenarekin batera, eta geroztik, bost urtez behin izaten da Jaialdi handia.

16.000 lagun inguruk osatzen dute Estatu Batuetako komunitaterik handienetako hau, sendoa eta aktiboa. Harrotasunez eusten diote euren ondare berezi eta bakarrari; The Basque Block deitu izan diote betidanik eremu berezi hori biltzen duten eremuari Boiseko eta Treasure Valleyko euskaldunek, eta izen hori jarri zion ofizialki Boiseko Udalak 2000. urtean. Euskal kulturaren erdigunea da Idahon, hamaika jardunaldi egiten dira bertan urte osoan zehar, eta Jaialdiaren bihotza ere bada. Kale honetan, Euskal Museoa eta Merkatua, Anduiza frontoia, The Basque Center eta hainbat euskal taberna eta jatetxe kokatzen dira, besteak beste.

The Basque Block beraz, gune bat da baina izen bera hartzen du iniziatibak. Euskal identitatea eraikitzen dihardu etengabe. Bost urtez behin egiten den jaialdi erraldoia urtean zehar elikatuz joateko, Auzolan izeneko ekimena sortu dute. Izenak berak laburbiltzen du komunitatearen espiritua. Espiritu horretatik sortu zen, hain zuzen, 1998ko urrian Boiseko Ikastola, Euskal Herritik kanpoko Ikastola bakarra. Joan den astean egun handia izan zen beraientzat, izan ere, orain arte beste eskola bateko ikasgeletan ematen zituzten eskolak eta hamazazpi urteren ondoren, egoitza berria inauguratu dute. Bertako haurrek euskara hutsean ikasteko aukera daukate haur hezkuntzan.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia