euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Anje Duhalde eta Mixel Ducau: «Gu omendu? Oraindik aktibo gaude! Ez gaude hilkutxan!» (from Naiz)

03/18/2024

Fue durante toda la jornada del domingo, en el Jardín de la Paz

Link: Naiz

Amaia Ereñaga. 2017an, Pablo Cabezak Mixel Ducauri (Baiona, 1951) egin zion elkarrizketa batean, Errobi ea berriz elkartuko ote zen galderari, honek «ez dut batere gogorik» erantzun zion. Hau ere bai: «Gu  bion arteko irizpide eta izaerek talka egiten zutelako utzi genuen taldea, musika taldeetan ohikoa den bezala. Sasoia oso tirabiratsua zen politikari dagokionez, eta oso erraza zen gutxigatik haserretzea». 2024. urtean gauzak beste modu batean bizi dituztela dirudi, agian denboraren joanak ematen duen perspektibarekin tirabira haiek anekdota bihur daitezkeelako.

Datorren maiatzaren 4an Bilboko Euskalduna jauregian Errobiren 50. urteurrena ospatzeko iragarri berri den kontzertua ezusteko handia izan da. Hainbeste urteren buruan (1973tik 1985era jo zuten), taularen gainean berriz elkartuko baitira Ducau eta Anje Duhalde, 70eko hamarkada hasieran  euskarazko rockaren lehen harria jarri zuten musikariak.

Bost lan baino ez zituzten atera: ‘Errobi’ (Elkar, 1975), ‘Gure lekukotasuna’ (Elkar, 1977), ‘Bizi bizian’ (Xoxoa, 1978), ‘Ametsaren bidea’ (Xoxoa, 1979) eta ‘Agur t’erdi’ (1985). 2003an bost diskoak birmasterizatuta eta kaxa batean atera ziren.

Mende erdi honetan aktibo jarraitu dute; Duhaldek bakarka eta Ducauk Caroline Phillips bikotekidearekin eta Oreka TX taldearekin, batez ere. Istorio anitz dute kontatzeko: zentsura, gorroto, adiskidetasun eta antzeko osagaiz osatutako akordeak dituzten istorioak.

Xabi Peryk sortutako Atzar Hadi zuen omenezko bandak pizgarri gisa funtzionatu du zuekin. Bide batez, omenezko taldeak izateak zer eragiten du zuengan?

Mixel DUCAU: Bi gauza izan dira denbora berean: lehenik, Getxon proiektu bat zegoen omenaldi bat egiteko, Udal Bandarekin eta Errobirekin, eta ia denboran batera izan da Iparraldeko proiektu hori, tribute banda egiteko. Honek sortu du aukera guretzat elkarrekin egoteko eta mintzatzeko, eta Anjek erran dit: ‘Nik izan ditut horrelako eskaera anitz askotan. Pentsatu ezazu horretan’. Zeren nik orain arte Oreka TXekin lan anitz izan dut, eta ez nuen Errobirekin gehiago pentsatu. Pare bat urte edo pasa dira ordutik, eta pentsatzen hasi, eta egia da kantak bikainak direla: beti sendoak, beti gogor, badute gaurkotasun hori eta merezi zuten berrikustea.

Zuek, Hertzainak, La Polla, Delirium Tremens... Nostalgia puntu bat edo atzera begiratzeko beharra al dago euskal musikan?

Anje DUHALDE: Gure kasuan, ni ez nintzen batere ados berriro halako dinamika batean sartzeko. Baina, Atzar Hadi proiektua gertatu eta deitu zidatenean, horrelako gauza arraroa eragin zidan: ‘Kaguendios, hauek zer hari dituk gu omentzen? Gu oraindik hor gaude musika munduan aktibo!’.

M.D.:  Ez gaude hilkutxan! [barrez]

A.D.: Gainera, proiektua aurkeztu zutenean, dena zegoen erabakita: musikariak, errepertorioa eta kantak. Eta gero nahi zuten guk parte har genezan? Ez, proiektua egitekotan, guk aurrera eramango dugu. Eta horrela gertatu da. Hori izan da dinamita piztu duen metxa.

50 urte bete dira, baina zein da data zehatza? 1974an Donibane Garazin eman zenuten lehen kontzertu hura?

A.D..: Arrazoia duzu. Donibane Garazin izan zen gure lehen kontzertua talde bezala. Manex Pagolak antolatu zuen.

Noizbait entzun dizut zinema-aretoa hustu zenutela.

A.D.: Lehen partean zeuden Etxamendi eta Larralde, Manex Pagola eta ez dakit nor gehiago. Gero gu sartu ginen: bateria, gitarra elektrikoa, baxua... Bigarren kantuan zinema gela erdia hustu zen: han gelditu ziren bakarrik gazteak.

M.D.: Ez genekien punkak ginenik!

A.D.: Zenbat gauza entzun ditut nik: ‘Hau ez da gure musika! Hau ez dakit zer!’. Eta gogoratzen naiz bati esan niola: ‘Eskerrak kantatzen dugun euskaraz, zeren bestela hau zer izango huan!’.

«Niretzat frustrazioa zen Mixelekin ezin euskaraz mintzatzea eta 50 urte pasa behar izan dira, baina lortu dugu»

Euskal munduak ez zuen rocka ezagutzen; eta rock-and-rollak euskara arrotz zuen. Horrek zerbait esan nahi du: nondik gatozen argitzen du. Mixel, esan digunez, euskaldun berria da, euskara galdu duen familia batean sortua. Euskal Herrian hori gertatu izan da askotan.

M.D.: Ama traumatizatutakoa izan zen eskolan, bere gaztaroan. Nire gurasoek Baionan ezagutu zuten elkar, eta Baionan euskara oso gutti egiten zen. Amak esaten zidan: ‘Euskara, c'est vieux, maintenant c'est L'Europe!’ [euskara zaharra da, egun Europan gaude!]. Beti entzun dut euskara nire familiako bazkarietan, baina gero momentu batean pentsatu nuen ezin nuela horrela jarraitu, eta euskara ikasi nuen.

A.D.: Gure amak, ni 6 urterekin eskolan hasi nintzenean, erabaki zuen nirekin frantsesez egingo zuela handik aurrera. Nik aitarekin erlazioa beti euskaraz nuen eta amarekin, frantsesez, frantsesa ikasi behar nuelako. Beste anai-arrebekin gauza bera izan zen. Niretzat frustrazio bat zen Mixelekin, eta beste musikariekin, ezin euskaraz mintzatzea. Eta hauxe behintzat konplitu dut: 50 urte pasa behar izan dira, baina lortu dugu.

M.D.: Urrats hori bereziki egin  behar duzu kulturaren eremuan zaudelarik. Ezagutu ditugu batzuk bizitza osoa pasa eta ez dutela hitz bat ere egiten.

«Guri promozio handia egin ziguna Egan izan zen. Gogoratzen naiz Young Play-n, Hernanin, guk biok gitarrarekin egin genuela lehen partea, eta Egan zen bigarrenean... eta guk akustikoki egin genituen kanta berberak egin zituzten taldearekin!»

Nola gogoratzen dituzue hastapeneko urte haiek?

A.D.: Ez geneukan erreferentziarik batere. Nik neuk, euskal musika mailan, Ez Dok Amairu nuen, gauza moderno bezala aipatzearren. Zeren beste batzuk bazeuden: Etxamendi eta Larralde, Mikel Laboa, Labeguerie... baina rock munduan, ez. Laster hasi zen beste talde bat, Koska. Elgoibarkoak ziren. Baina guri promozio handia egin ziguna bere garaian Egan izan zen. Gogoratzen naiz Young Play-n, Hernanin, kontzertu batean guk egin genuela lehen partea, gitarrarekin, eta Egan zen bigarrenean... orduan Eganek guk akustikoki egin genituen kanta berak egin zituen taldearekin [barrez].

Klasikoak sortu zenituzten, gaurkotasuna galdu ez dutenak: turistifikazioa (‘Nora goaz’), langileen eskubideak (‘Langileko hamar manamenduak’)...

M. D.: Arazoak okerragoak dira gaur egun.

A.D.: Forman aldatu dira, baina errealitatean ez dira aldatu.

Daniel Landartek, Errobiren letragileak, eragin handia izan zuen zuengan. Nola ezagutu zenuten elkar?

A.D.: Soldaduskatik bueltan Daniel ezagutu nuen eta erlazio estu bat sortu zen gure artean. Ordurako hasia zen olerkiak publikatzen eta antzerkiak idazten. Naturalki sortu zen, afari edo bazkari batetik bueltan. Mixel, bestalde, lizeoan ezagutu nuen. Talde bat zuten, rock-and-roll tradizionala egiten zuena, garaiko taldeen estilokoa, The Shadows eta horrelakoak, instrumentalak gehienak. Ostegunetan jotzen zuten Baionan, gaztetxean, kobazulo batean.

M.D.: Harresietan diren areto batean zen. Oso giro irekia zen, ez zen batere antolatua. Gero gu biok Zabal disko-dendan elkartu ginen berriz.

Garai biziak ziren. Jauzi bat egon zen gizartean.

M.D.: Gu geunden 68. Maiatzaren ondokoetan, eta han zen dena iraultza, artean musikan ere.

A.D.: Hegoaldean gehienbat sumatu zen 1975tik gora: aldaketa izugarria izan zen, bai politikoki, noski, eta sozialki eta kulturalki ere bai, jauzi bat egon zelako. Guk zortea izan genuen, zeren hor finkatu genuen gurea, dena irekia zegoelako.

‘Ametsaren bidea’ (1979) bezalako disko bat kaleratzea, lau kantaz osatua eta kanta batek 17 minututik gora irauten zuela, gaur egun ezinezkoa izango litzateke, ezta?

A.D.: Ausarta izan behar zara. Gaur egun ezin izango zenuke egin. Bueno, agian egin bai, beti posible da, baina publikoari helaraztea...

M.D.: Zapping aroan gaude.

Denbora honetan guztian, Errobi utzi eta gero, musikan lanean jarraitu duzue. Zein izan da musika munduan aldaketa nabariena? Agian euskarrien krisia, CDaren desagerpena?

A.D.: Guk dena ezagutu dugu: kasetak...

M.D.: ...zilindroak ez ditugu ezagutu, horiek falta zaizkigu bakarrik. [barrez]

A.D.: Eta grabaketak aipatzen ditugularik, gure lehen diskoa, ‘Errobi’ (1975), lau pistako magnetofono batekin egin genuen. Eskerrak Jean Phocasi, berak salbatu zuen dena!

Bilboko kontzertutik zer espero duzue? Eta nola planteatzen diozue zuen buruari, mende erdiaren ostean?

A.D.: Hori da! 50 urte gauza bat da, baina mende erdi bat, kontuz! Egia esan, gure burua ez dago horretan, gu gaude guzti hau martxan jartzen... eta, egia esan, ez dakit jendea etorriko den.

M.D.: Niretzat zaila da, adibidez, gazteekin zer gertatuko den eta zein motatako publikoa etorriko den jakitea. Adinekoak nostalgiaz etorriko dira, baina gazteen aldetik zer erreakzio mota izango da, zein onespen izango du honek?

A.D.: Ni harritua gelditu izan naiz beti ikusten dudanean 16-18-20 urte inguruko jendeak nire kantak kantatzen. Non ikasi dituzte? Nondik ateratzen dira hauek? Eta plazer handia ematen du, noski, azkenean zure helburua horretara heltzea baita.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia