euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Aktak euskara hutsean bidaltzearen aldeko lehen epai irmoa kaleratu du Justizia Epaimahai Gorenak (from EiTB.eus)

10/30/2015

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Irurako Udalari, eta atzera bota du Espainiako Gobernu Ordezkaritzak jarritako helegitea. Epaia irmoa da, eta ez du beste helegiterik onartzen.

Link: EiTB.eus

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Irurako Udalari (Gipuzkoa), eta atzera bota du Espainiako Gobernu Ordezkaritzak beste auzi baterako eskatutako informazioa euskara hutsean bidaltzeagatik jarritako helegitea. Epaia irmoa da, eta ez du beste helegiterik onartzen, UEMAren arabera.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gogorarazi duenez,Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak hainbat udalen aurrekontuak auzitara eraman zituen aurreko legealdian, besteak beste, Udalbiltzarentzako partida bat izateagatik aurrekontu horietan.

Irura izan zen Euskal Herriko udal hautetsien instituzioari ekarpena egiteagatik auzitara eraman zuen udaletako bat. Auzi horretarako informazioa eta dokumentazioa eskatu zion Espainiako Gobernu Ordezkaritzak Irurako Udalari, tartean aurrekontuak onartu zituzten udal osoko bilkuraren akta.

Irura, udalerri euskalduna

Irura udalerri euskalduna eta UEMAko kide izaki, euskara hutsean aritzen da, eta euskara hutsean igorri zuen informazioa Espainiako Gobernu Ordezkaritzara.

Aurrekontuen aurkako helegiteak jartzeko epe zehatz bat izaten da, informazioa jasotzen denetik hasita. Espainiako Gobernu Ordezkaritzak epe horretatik kanpo jarri zuen helegitea, Irurako Udalak bidalitako informazioa ez jasotzat eman zuelako, euskara hutsean jaso izanak baliorik ez zuelakoan.

Donostiako Lurralde Auzitegia

Donostiako Lurralde Auzitegiak, ordea, Irurako Udalari eman zion arrazoia, akta eta informazioa euskara hutsean bidaltzea zilegi zuela adieraziz. Urquijok helegitea jarri zuen orduan epaiaren aurka, eta EAEko Auzitegi Nagusira iritsi zen auzia.

Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du kontua, eta Irurako Udalaren aldeko epai irmoa plazaratu du. Azken batean, 1982ko eta 1992ko legeak aipatuz, EAEn euskara ofiziala denez administrazio publikoek euskaraz aritzeko eta, beraz, euskara ulertzeko gai izan behar dutela adierazten du epaiak, eta atzera botatzen du Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren helegitea, eta auziaren gastuak ordaintzera behartzen du, UEMAk jakinarazi duenez.

Gai hauetan udalerri euskaldunen defentsan aritzen diren abokatuen esanetan, "epaia garrantzitsua da, irmoa delako eta jurisprudentzia aurrekaria sortzen duelako".



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia