euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

40 urte bete berri dira Rikardo Arrue medikuak euskarazko lehen tesia argitaratu zuenetik (from Berria)

01/28/2016

Nola esaten da tesia euskaraz? 40 urte bete berri dira Rikardo Arrue medikuak euskarazko lehen tesia argitaratu zuenetik. Orduz geroztik, 540 lan argitaratu dira, eta azken urteetan 30 tesi aurkezten dira batez beste. Ingelesak pisua hartu du zientzietako lanetan, ordea, eta hor dago etorkizuneko erronka.

Link: Berria

Lander Muñagorri Garmendia. Ezaguna da Adolfo Suarez Espainiako presidente ohiak euskararen inguruan esan zuena: ez zuela fisika nuklearra ikasteko balio. Eta are ezagunagoa da Jose Ramon Etxebarria irakasleak ostera eman zion erantzuna: «Bi gauza besterik ez dira behar horretarako: euskara jakitea, eta fisika nuklearra jakitea». Ordurako fisikako eskolak ematen ari zen bera unibertsitatean. Zehatzago, «1971. urtean hasi nintzen ni irakasle gisa lanean, eta, orduan, ni nire borondatez apunteak euskaratzen hasi nintzen», dio egun Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako euskara zerbitzuan dabilen irakasleak. Hala nahi zutenentzat ere fisikako mintegiak euskaraz ematen hasi zen gero, eta fisikako tesia argitaratu zuen 1986. urtean. «Mugimendu bat bazegoen horretarako, tesia euskaraz egiteko, eta hala egin ahal izan nuen nire tesiko zuzendaria ere euskalduna zelako». Baina «modan» hori gauza berria zen orduko hartan, hamar urte besterik ez zirelako euskarazko lehen tesia argitaratu zenetik. Lehen oinarria jarri zenetik. Euskarak fisika nuklearrari buruz, eta beste alorretan ikasteko balio zuela erakutsi zen.

1976ko urtarrilaren 12a egun esanguratsua da. Orduan aurkeztu baitzuen Rikardo Arrue mediku eta kardiologoak bere tesia, eta hurrengo urteetan jarraipena izan zuen joera horrek. Etxebarriak moda hitza erabili du, baina horretarako aukera ere izan behar zen. Izan ere, tesi zuzendari euskalduna behar zen eduki ikerketa lana aurrera eramateko, eta ez hori bakarrik: epaimahaian ere aditu euskaldunak behar ziren topatu. Baina behin euskarazko lehen tesiak aurkeztu zirenean, prozesua «biderkatu» egin zen, tesi zuzendari izateko irakasle gehiago zeudelako, eta epaimahaia osatzeko aukera gehiago ere bazirelako. 40 urte igaro dira lehen tesi hura Egan aldizkarian argitaratu zenetik, eta bertan Arruek hala egiten zien dei bere ondorengoei: «Ez daukagu behin eta birritan erabili beste erremediorik, baldin eta sekulan ezertara iritsi nahi badugu. Nire ondorengo sendagile edo beste motako ikasketetan diharduketen euskaldun gazte guztiei oihu egiten diet lerro hauetatik, haiek ere saia daitezen gisa honetako lanak egiten».

Bere oihua lerro horietatik kanpo ere entzun zen, eta, ordutik, euskarazko 540 tesi argitaratu dira. Alor eta espezialitate gehienetara iritsi da 1970eko hamarkada amaieran joera edo moda zena, eta, egun, urtero 30 tesi inguru aurkezten dira Euskal Herriko unibertsitateetan. «Hasieran gauza puntual bat zena, ondoren indartu egin zen goranzko bilakaera edukiz. Egun, egonkortuta daude euskarazko tesiak», azaldu du Iñaki Alegria UEUko zuzendariak.

Hizkuntza guztiak kontuan hartuz gero, Euskal Herrian inoiz baino tesi gehiago aurkezten dira. Baina euskarazkoen kopuruak bere hartan jarraitzen du. Hau da, ehunekoetan ez dela gorakadarik sumatu ia. Karmele Artetxek goi mailako euskarazko ekoizpenaren azterketa egin du, eta bildutako datuetan apenas ikus daiteke alderik. 2002-2003ko ikasturtean argitaratutako tesien %7,4 euskaraz egindakoak izan ziren; 2012-2013ko ikasturtean, %8,6 zen kopuru hori. Ez da gauza bera gertatu, ordea, ingelesarekin, denbora tarte berean, %2,5etik %34,5era egin baitu salto proportzioak. «Kontua da kanpoko hizkuntzetan egindako tesiak gehiago baloratzen direla atzerrian; eta globalizazioarekin tesiak egiteko modua ere aldatu egin da», azaldu du Alegriak. Baina joera horrek gainerako hizkuntzetan ere eragina izan du, eta gazteleraz, esaterako, tesi gutxiago aurkezten dira orain.

Pizgarri eta laguntzak

Josu Lopez-Gazpio kimikan doktore eta EHUko Kimika Aplikatuko Saileko ikertzaileak azaldu duenez, tesiak neurtzeko garaian hizkuntza batean argitaratu ala bestean egin, puntuaketa ezberdina ematen zaio. Curriculumak ebaluatzen dituen Unibasq euskal agentziak, esaterako, puntu kopuru bera ematen die euskaraz egiten diren tesiei eta atzerriko hizkuntzan egiten direnei. Baina ez da gauza bera gertatzen Aneka Espainia mailako agentziarekin. Bertan, euskarazkoak tesi normalen mailan daude. «Hori dela eta, euskaraz tesia egiteko pizgarriak ez dira berdinak». Eta hori izan daiteke tesi gehiago euskaraz ez egitearen arrazoietako bat.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak ere euskaraz egin zuen bere tesia. Bilboko Ingeniaritza Fakultatean aurkeztu zen euskarazko lehena, gainera. «Nik argi nuen unibertsitatean hasi nintzenean karrera amaierako lana euskaraz egingo nuela, eta goi mailako ikerketaren bat egitekotan ere, berdin». Euskarari egin zekiokeen ekarpenik handiena hori izan zitekeela uste zuen, eta orain ere horrela uste du, euskara «unibertsal» bihurtzen duelako. Baina horretarako laguntzak eman behar direla ere jakitun da. Alde horretatik, EHUk urtero euskaraz tesiak egiteko 12 eta 15 beka ematen dituela zehaztu du, Mikel Laboa katedrak ateratzen duenaz gain.

Baina euskarazko lanen kopuruak gora egiten jarraitzeko, Alegriak laguntza horiek handitu behar direla uste du: «Euskaraz lan egitea saritu beharra dago, egile eta zuzendariari pizgarriak emanez». Goirizelaiak hautua naturala eta pizgarririk gabeko errealitate bat nahiko luke, baina, horren ezean, laguntza horiei eustea asko dela dio. «Krisi garai hauetan borroka handiak izan ditugu laguntza horiek mantendu ahal izateko».

Kontuak kontu, duela 40 urteko egoera erabat aldatu da. «Lehen militantziagatik egiten zena orain currikulumari begira egiten da gehiago», dio errektoreak. Horregatik, ingelesak hartu duen garrantzia ikusita, beste modu batean lan egin behar dela uste du era berean. «Euskaraz landu, eta ingelesez idatzi zati bat». Hori da, esaterako, Lopez-Gazpiok hein batean egin zuena. Euskaraz idatzi zuen kosmetikoei buruz tesia, 2014an, baina kapitulu bakoitzaren amaieran gaztelaniazko itzulpena egin zuen. Hain zuzen, gaur-gaurkoz oraindik zaila delako tesia ebaluatu duen epaimahai euskalduna osatzea. «EHUn egiten baldin badut nik tesia, unibertsitate horretatik kanpoko irakasleek neurtu behar dute zure lana». Eta, une honetan, hortik kanpo profesional euskaldun gutxi daude. «Batzuetan gertatzen da EHUn ikasi edo lan egindako irakasleren bat beste unibertsitate batera joan eta hura epaimahai izatea, baina hori ez da beti gertatzen».

Ikusgarritasuna

Hala ere, gaur egun euskaraz aurkezten diren tesien %60 inguru giza edo gizarte zientzietakoak izaten dira. Ingelesa batez ere zientzietako alorrean gailendu da, eta hor ikusten du erronka handiena Goirizelaiak. «Gizarte zientzietan badago ikusezintasun bat, eta ez dakit zientzia zehatzetan ingelesera horregatik jotzen ote duten, ikusgarritasunari eusteko», azaldu du Itxaso Martinek. Emakumea eta psikiatria gaiari buruzko tesia aurkeztu berri du, eta berak ere euskaraz aritzeko hautua egin du, gizarte zientzietan. «Badago giza eta gizarte zientzietan tesia egin duten asko hizkuntzalaritzari buruzko tesiak egin dituztenak, eta horiek euskaraz egiten dute batez ere». Eta hortik bi zientzia esparru horien artean dagoen aldea.

Martin bera jakitun da egindako lanak ikusgarritasunaren aldetik arazoak izan ditzakeela. Artetxek berak ere hala zehaztu du bere ikerketa lanean: «Tesi asko grisak direla esan ohi da, eskuratzeko zailak direlako. Eskuragarritasunaren aldetik, euskaraz egindako doktorego tesiak, grisak baino gehiago,ikusezinak dira». Eta Martinek hori badaki: «Zure lana ezagutzera emateko lan gehiago egin beharra daukazu, eta akademikoki eragin bat izatea lortu nahi baldin baduzu, ziurrenik itzulpenen batera jo beharko duzu azkenerako», dio. Baina hori norberaren aukera dela ere garbi du.

Hala ere, arazo horri aurre egiteko Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu basea sortu zuen duela zenbait urte UEUk. «Bertan euskaraz argitaratu diren tesien erreferentziak aurki daitezke, non argitaratu ziren, eta egilearen datuak», dio Alegriak. Bestalde, Tesiker plataforma ere kudeatzen du UEUk, baina hura Eusko Jaurlaritzaren euskarrian dago. Hor, orain arte argitaratu diren euskarazko tesien 334 lan eskuratu daitezke. «Saiatzen ari gara ahal bezain tesi gehien biltzen, baina ez da erraza, batzuk digitalizatu gabe daudelako, eta beste batzuk egilearen baimenik ez daukatelako».

Ikusgarritasuna lortzeko euskarriak dira biak, eta, bilatzaileen bidez eta esteka ezberdinen bidez, euskal ikertzaileek orain arte egindako tesien lagin handi bat daukate eskura klik bakarrean. Suarezek esan zuen euskaraz fisika nuklearrari buruz ikastea ez zela posible, baina urteen poderioz erakutsi da hori ez dela horrela izan. Eta 40 urteko ibilbidean argitaratu diren 540 tesi horiek guztiek hori frogatzen dute. Etorriko direnak kontuan hartu gabe.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia