euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

14 euskal erakundek bio-teknologiari buruzko munduko kongresu garrantzitsuenean parte hartuko dute AEBetan (from Euskadi.eus)

06/18/2017

SPRI Taldeak koordinatuko du euskal ordezkaritza ekainaren 19tik 22ra San Diegon egingo den BIO Nazioarteko Kongresuan. "Invest in Basque Country" arloak bisita hau aprobetxatuko du, Euskadik gailu medikoen esparruan dauzkan gaitasunak aurkezteko.

Link: Euskadi.eus

14 euskal erakunde -besteak beste, SPRI Taldea- San Diegon (Estatu Batuak) izango dira ekainaren 19tik 22ra, urtero egiten den BIO Nazioarteko kongresuan,  bio-teknologiaren industriako mundu mailako ekitaldi garrantzitsuenean.  Euskadi izango da erakusketa gunean parte-hartzaile gehien (10) bilduko dituen Espainiako bio-eskualdea, Kataluniak eta Valentziak (bosna) baino bi aldiz erakusle gehiagorekin.

ICEXek hamalaugarren aldiz antolatuko du Espainiako Pabilioia nazioarteko ekitaldi honetan, eta BIOBASQUE Euskal Bio-eskualdeak hamaikagarren aldiz izango du bere tokia bertan. Aurreko edizioetan bezala, SPRI Taldeak koordinatuko du Azokako euskal parte-hartzea. Zortzi enpresak parte hartuko dute euskal ordezkaritzaren barruan (Innoprot, IMG Pharma, Oncomatryx, Dinakyn, Geroa, StemtekTherapeutics, Vive Biotech eta GogoaMobility), eta horiekin batera izango dira Euskal Herriko Unibertsitatea, TECNUN – Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola, Araba, Bizkaia zein Gipuzkoako BIC haztegiak eta SPRI Taldea.

ICEX España Exportación e Inversiones erakundeak -ASEBIO elkartearekin eta Katalunia, Euskadi eta Valentziako bio-eskualdeekin batera- antolatuko du Espainiako parte-hartzea, pabilioi ofiziala izango duelarik BiotechnologyIndustryOrganization (BIO) erakundeak antolatzen duen ekitaldi honetan.

SPRIk aurkezpen bat egingo du ekainaren 21ean egingo den “Global Innovation Hubs” topaketan. Aurkezpen horretan hizpide hartuko ditu Euskadik sektore bio-teknologikoan eskaintzen dituen gaitasunak. Gainera, Invest in Basque Country eremuak bisita hau aprobetxatuko du bertatik bertara aurkezteko Euskadik gailu medikoen esparruan dauzkan gaitasunak. Hala, agenda bat prestatzen ari dira askotariko agenteekin bilerak egiteko.

Estatu Batuetako zein nazioarteko lehen mailako ehunka enpresa eta erakundek (ikerketa zentroak, unibertsitateak, ospitaleak, fundazioak, gaixo elkarteak, finantza erakundeak, klusterrak, gobernu agentziak, e.a.) parte hartuko dute ekitaldian, industria bio-teknologikoaren potentzial handiak erakarrita. Bio International Convention jardunaldia aukera paregabea da bio-teknologia sektoreko enpresentzat, aukera ematen baitie balio zientifiko eta komertzial handiko informazioa eskuratzeko, aliantza estrategikoak egiteko, beren proiektuetarako finantzaketa eskuratzeko eta bezero berriak lortzeko.

Ekitaldiak egitarau zabala eskaintzen du: jarduera akademikoak, networking saioak, enpresen aurkezpenak, erakusketa-gune bat (sektore honetan espezializatutako munduko ekitaldi guztietako handiena), bio-teknologia sektoreko joera berriei eta berrikuntza teknologiko eta zientifiko guztiei buruzko mintegiak eta hitzaldiak, ibilbide profesionala garatzeko aukerak, e.a. 

Ekitaldi honen arrakastaren giltzetako bat da azokak dirauen bitartean garatzen den partnering sistema, aukera bikaina baita enpresentzat: 2016ko edizioan 6.200 parte-hartzailetik gora izan zituen, eta 35.000 bilera egin ziren.

Euskadin 75 konpainiak baino gehiagok lan egiten dute  bioteknologiaren sektorean eta ikerketan jarduten duten hogei bat erakunde daude: unibertsitateak, ikerketa zentroak, teknologi zentroak eta ospitaleak. Sektore horrek, euskal ekonomiaren barruan gero eta garrantzi handiagoa duenak, 2.000 lagunetik gora enplegatzen ditu eta 389 milioi euro inguruko fakturazioa du urtean. Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko esparru gisa identifikatu du RIS3-espezializazio adimenduneko estrategiaren barruan.

Bioteknologiako hogeita hamar enpresa inguruk osatzen dute Basque Biocluster erakundea. Erakunde hori 2010eko urrian sortu zen helburutzat harturik, batetik, administrazio publikoekin eta biozientzien esparruko beste erakunde batzuekin batera enpresa bazkideen interesak koordinatzea eta defendatzea eta, bestetik, garatzen, hazten eta nazioartekotzen laguntzea bazkideei eta EAEko biozientzien sektoreari.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia